sortzen birpentsatzen
TRANSCRIPT
SORTZEN
BIRPENTSATZEN
2
AURKIBIDEA
1. Sarrera
2. Proposamen orokorra
1. Mende laurdenari begira
2. Balantze-balorazioa. Erradiografia
3. Aurrera begira. Gogoetarako oinarri bat
4. Etorkizuneko Sortzen. Aukera anitz
3. Sortzen eraketa dokumentua
4. Proiektuak
1. Euskaraz Mintza
2. Aixe Aisialdia
3. Ikasle Euskaldun Eleaniztunak sortzen
5. Lanketak
1. Plan Integrala
2. Oinarrizko Hezkuntza Akordioa
3. Euskal Curriculuma
1
JABE! Eta euskaldun
25 urte joan dira Sortzen sortu genuenetik, Sortzen sortzen gabiltzanetik. Euskararen
lurretan euskal eskolaren lurra irauli, harrotu, jorratu eta erein. Haziak. Hezkuntza publiko
berri baten hazietan heziak.
Euskara eta herria, euskara eta auzoa. Mintza zedin mintzatuz. Eskubideak borrokatu eta
besarkatu. Euskaratik eleaniztasuna sustatuz.
Auzolanez, parte hartzez, batzarrez eta sarez haziak ureztatu, ongarritu, zaindu, maitatu,
bizi!
Harriak trabatik kendu, ametsez eta zataiaz mugituz bultza. Eskola eta Herria.
Curriculumez, Plan Integralez, Hezkuntza Akordioz, herri akordioz, inposaketei aurre
eginez. Eta eraikiz gurea, burujabea, Eskolharria.
Sortzen- Ikasbatuaz, kimuz, kumez, ikasiz batu, batuz ikasteko. Indartzeko, handitzeko,
loratzeko, fruitu emateko, heltzeko. 25 urteko uzta oparoz heldu. Pentagrametan akorde,
kontu txiki eta jolasak. Pentagramako aire ederrek etorkinez, ekimenez, kazetez, etxerako
lanez ari dira. Eta buruketak hamar hatzez askatzen gu. Zangoak lurrean. Kimu berrien
esperantzan, jorran.
Sortzen eta berriz sortzen. Eta berriz Sortzen. Ondu eta lurrera itzuli. Jabetuta itzuli,
hausnartuta, ikasita eta ikastekoa itzuli. Bidean ikasitakoak hazi bilakatzera itzuli, fruitu berri
gosez. Burujabe, euskaldun, herritar ase, herritar oso. Zutik gura. Zu-tik gu-ra, gugandik
zura. Enborra, adarra, hostoa, kimua, fruitua, lorea, hazia, lur hezia, jorratua, harrotua,
iraulia. Lurretik lurrera. Herritik herrira. Herriz herri, auzoz auzo, hezigunez hezigune, eskuz
esku, buruz JABE! Eta euskaldun.
2
Sarrera
3
Duela 25 urte abiatu zen egungo Sortzen. Denbora horretan lan handia egin du elkarteak,
Euskal Eskola Herritar Berria eta Hezkuntza Sistema Propioa helburu. Hainbat proiektu,
irakurketa, material, dinamika... eraman ditu aurrera, denak helburu estrategikoak
gauzatzeari begira.
Mende laurdena pasa da, bai, eta urteotan aldaketa ugari ezagutu ditu euskal jendarteak.
Eta, berdin, eskola eta hezkuntzaren beharrek. Elkartearen egiteko moduak, antolaketa,
parte-hartzerako bideak..., ordea, gutxi aldatu dira denbora honetan eta horrek eragina izan
du elkartearen ibilbidean eta eragiteko gaitasunean.
Horren ondorioz, Sortzenen gaineko gogoeta zorrotza egiteko premia ikusi dugu, geure
buruei galdera potoloak planteatuz: Beharrezkoa al da Sortzenek egiten duen lana?
Baiezkotan, birformulazio baten beharra al du elkarteak? Bere espazioa eta izaera mugatu
behar al ditu?... Eta planteatzen zizkigun galderei erantzuteko gogoeta nonbaiten
oinarritzea du helburu, hain zuzen, esku artean duzun txosten honek.
Txosten honen lanketan hasi baino lehen, 2015/16 ikasturtean elkartearen gaur egungo
“erradiografia” bat egin nahi izan genuen. Horretarako, ekarpen eta iritziak jasotzeko
mekanismoak aktibatu genituen:
▪ Bazkideekin eta kideekin errondak
▪ Sortzenen ibilbidean elkartearen parte izan diren kideekin norbanako kontrasteak
(barrutik ez ezik kanpotik ere Sortzen nola ikusten den testatzeko)
Horren ondoren, gogoetarako proposamena egiteko Hausnarketa Batzorde bat osatu eta
dokumentu hau sortu genuen.
Lehenengo atalean gogoetarako proposamena dugu prozesu honetan oinarri bezala
erabiltzeko. Bigarren atalean, orain dela 25 urte gure elkartearen eraketa kongresuko
dokumentua partekatu nahi dugu. Hirugarren atalean, proiektuen informazioa ematen dugu.
Eta laugarrenean, 25 urte hauetan izan ditugun lanketa garrantzitsuen informazioa helarazi
nahi dizuegu ere.
4
Gogoetarako
Proposamena
5
Oinarrizko proposamen hau egiteko Hausnarketa Batzorde bat osatu eta gogoeta abiatzeko
azterketatxo bat mahai gainean jartzeko enkargua eman zitzaion. Enkargu horri erantzun
nahian erditu zen lau ataletan banatzen den proposamen hau.
Lehenengo atalean Sortzen elkartearen sorrerari eta haren ibilbideari errepaso ahalik eta
objektiboena egiten zaio. Bigarren atalean, aipatu errepaso hori oinarri, balantze eta
balorazio txiki bat egiten da, zeinak gogoetaren beharra erakusten duen. Hirugarren atalean
biltzen da Hausnarketa Batzordeko kideek egindako azterketa/gogoeta. Eta azkenik,
laugarren atalean, Batzordeak azterketaren ondorio nagusiak laburbilduz, erabakiak
hartzeko garaian lagungarri izan daitezkeen aurrera begirako balizko aukera batzuk
planteatzen ditu.
1.- MENDE LAURDENARI BEGIRA
SUSTRAIAK
Joan den mendeko 80. hamarkadan aro berri bat irekitzen hasi zen Euskal Herrian.
Nolabaiteko trantsiziorako unea. Hego Euskal Herrian bereziki, garai ilunetatik gentozen.
Diktadura eta errepresio basatiaren garaiak. Errepresio politikoa, soziala eta kulturala. Hala
ere, errepresioari aurre eginez, gure hizkuntza eta kulturaren biziraupenerako urrats ugari
emanak ziren herri ekimenari esker (ikastolak, gau eskolak, mugimendu kulturalak...).
Bestalde, zabaltzen ari zen aro berri horretan, Euskal Herriak behar zuen eskolaren
inguruko kezkek eta eztabaidek ere hartu zuten euren lekua. Euskal hezkuntzarekiko ardura
horretatik, hainbat kide antolatzen hasi zen eztabaidagai anitz mahai gainean jarriz: Zer
nolako eskola-eredua nahi eta behar dugu? Nola egin bide hori? Eta bide hori egiteko ze
tresna edo lanabes beharko ote genuke?
Kezka horietatik abiatuta sortu zen, 1991ean, Hernanin, SORTZEN “Euskal Eskola Publiko
Berriaren Aldeko Mugimendua”, nagusiki Hego Euskal Herriko irakaskuntzan ari zen kide
ugariren artean aipatu kezkei erantzuteko osatu zen topalekua. Sare eta hezkuntza-zentro
mota guztietan ari ziren kideen artean osatua. Hezkuntzaren eremu ezberdinetako kideak
gure herriak behar zuen eskola eredua margotu eta eraikitzeko asmoz. Hori izan zen gure
elkartearen abiapuntua. Mende laurdena igaro da harrezkeroztik.
Sorrera potentea izan zuen Sortzenek baina -Gasteizko gobernuak mahai gainean jarri
zuen Euskal Eskola Publikoaren Legearen eraginez, nagusiki- plataforman parte hartzen
zuten zenbait eragileen interesen arteko talkak azalarazi ziren (publiko vs.
pribatu/kontzertatu; finantzaketa kontuak...). Horrela, Lege haren garapenean nork bere
interesen alde egiteko egindako hautuak, plataformaren proiektua albo batera uztea ekarri
zuen.
6
Orduan, Sortzen plataformak egitura berria hartu zuen eta Nafarroa Garaiko eskola publiko
euskaldunen elkartea izatera pasa zen, eraketa kongresuan landutako oinarri ideologiko eta
helburu berberei atxikiz.
1993 urtean, aipatu Euskal Eskola Publikoaren Legearen onarpenarekin batera, Araba,
Bizkaia eta Gipuzkoan, ikastolen publifikaziorako bidea ireki zen eta hainbat ikastolek bide
hari heldu zioten. Bidea zaila izan zen eta prozesu hark gaur egun ere bizi ditugun ondorio
latzak utzi zituen euskal hezkuntzan.
Sare publikora bildutako ikastolek elkarrekin antolatuta jarraitzearen behar handia zuten.
Hasiera batean, publifikazio prozesu korapilatsu bati aurre egiteko beharrak bildu zituen;
baina “bizirauteko” jaio zen Ikasbatuaz elkartea gorpuztuz eta sendotuz joan zen, Euskal
Eskola Publiko Berriaren aldeko lanean sare publikoaren barrutik jarduteko asmoz.
Ikasbatuazen bildu ziren ikastola gehienetako ordezkariek Sortzen plataformaren sorreran
hartu zuten parte eta han finkatutako helburuei jarraituz eratu zen elkarte berri hau ere.
1991n an abiatutako prozesuari esker, beraz, Sortzen eta Ikasbatuaz elkarteak, bi
errealitate bihurtuta, elkarte bakar batean batu ziren 2000. urtean ospatutako eraketa
batzarrean. Sortzen-Ikasbatuaz izena hartu zuen elkarteak hasiera batean baina, urte
batzuren bueltan, Sortzen “soilik” izatera bueltatu zen. Urte horietan guztietan eta gaur egun
ere, helburuak ez dira gehiegi aldatu: gure herriak behar duen eskola herritarra eta
hezkuntza sistema definitu eta garatzeko gure ekarpena egitea, beti ere, euskara eta euskal
kultura ardatz izanik eta hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartzea, oinarri.
ENBORRA
Ikastetxeko sektore guztiak bere baitan biltzen dituen elkartea da Sortzen, kalitatezko
eskola berma dadin, eskola-komunitateko partaide guztien elkarlana ezinbestekoa dela
sinistuta baikaude. Horixe izan da, sorreratik, gure ezaugarri bereizgarrienetakoa.
Estamentu guztien parte-hartzea bere baitan jasoko duen eskola-eredu euskaldun, publiko-
herritar berriaren proiektua beharrezkoa da gure hezkuntzarentzat eta, areago, gure
herriarentzat. Eta, horrekin batera, eskola publiko-herritar berriaren proiektua antolatuko
duen Euskal Hezkuntza Sistema osatzea dira, hain zuzen ere, Sortzenek ordezkatzen duen
herri proiektuaren zutabe nagusiak.
Baina zutabe horiek ez dira abstraktuan garatzen, egunez-egun, zentroz-zentro aurrera
eramaten diren proiektu eta prozesu txiki zein handien eskutik baino. Alegia, ez gara ideien
mundu zabalean soilik mugitzen; ideia horiek lur har dezaten ekimenak dira mahai gainean
jartzen ditugunak, proiektuaren forma izango dute batzuetan; material eta tresnen forma,
bestetan; edo egunero pairatzen ditugun arazoei ematen diegun erantzunaren forma
bestetan...
7
Lanketa horiei ekiteaz gain, bakoitzaren beharren neurriko zerbitzuak eskaini izan zaizkie
bazkideei hasieratik, eskolaren premiak aldatuz joan diren heinean, aldatzen joan direnak.
Hasierako zerbitzu batzuk desagertu dira eta beste batzuk sortu: formazio saioak,
aholkularitza juridiko eta orokorra, tailerrak, hitzaldiak...
Gure elkarteak, beraz, txapel ederra eskain diezaieke euskal hezkuntzaren norabidean,
hango eta hemengo zentroetan, egunero lantzen diren proiektu handi zein txikiei, tokian
tokiko zein nazio mailakoei, barne mailakoak direnei zein lanketa zabalagoa dutenei,
administrazioek bai ala bai agintzen digutenari men egin gabe garatu nahi dugun hezkuntza
gauzatze bidean lantzen ditugun ekimenei eta beste hainbati.
FRUITUAK
Sortzenek egindako lan guztia Euskal Eskola Herritar Berriranzko bidea egitera eta gure
Hezkuntza Sistema Propioa ezaugarritzera bideratuta egon da. Lan handia egin da;
horretan ez dago zalantzarik, inork ez baitigu inoiz ezer oparitu. Eta lan horrek fruitu ugari
eman digu: maila eta gai anitzen gaineko irakurketak, lanketa teorikoak, proiektu zehatzak,
materialgintza, formazioa, zerbitzuak, ekimen aldarrikatzaileak, elkarlanaren emaitza ugari...
eta Sortzenen jaia; ziur asko, kuttunena.
Hainbat eta hainbat proposamen jarri ditugu mahai gainean duela 25 urte irudikatu genuen
eskola berri hura eraikitzen hasteko. Horietako askok erabateko gauzapena izan dute;
beste batzuk, ordea, garapen beharrean geratu dira. Baina bat bera ere ez da alferrikakoa
izan.
Ez gara luzatuko aurrera eramandako proiektuen izaera eta ezaugarriak azaltzen,
eranskinetan aurki baititzakezu hauen berri zehatz eta sakona baina proiektu nagusiak,
behintzat, aipatuko ditugu.
➢ Euskaraz Mintza: Gaur egun 28 ikastetxeetan martxan dagoen eta oso emaitza onak
eman dituen proiektuak 17 urte bete ditu dagoeneko. Galdutako euskal jolasak eta
beste berri batzuk ikasleen esku jarri eta euskaraz aritzeko errutina sortzea du
helburu. Proiektuarentzat eta guraso zein hezitzaileentzako materiala sortu dugu
bertatik: Jolas tailerrak eta Kontu txikiak liburuxkak (bakoitzak bere kanta CDarekin).
➢ Aixe Aisialdia: 15 urte bete ditu proiektuak. Testuinguru ez formalean, ez arautuan
eta giro ludikoak duen garrantzia zainduz, euskararen erabilera hurbila eta erregistro
ez-formalak lantzea du helburu nagusi.
➢ Kimuberri: Nafarroako ikastetxe publikoetan, bi urteko haurrei euskararekiko lehen
harremana denboran aurreratzea, murgiltze prozesua erraztu eta azkartzeko sortua.
Bost urtez egon zen martxan.
8
➢ EskolHerrian Euskaraz: 2012an Diman eta Egian (Donostia) jarri genuen martxan
proiektu hau eta dagoeneko Nafarroan ere zabaltzen ari da. Euskararen
normalizazioan aurrera urratsak egin nahi baditugu eskolak eta auzo/herriak bat egin
behar dute. Proiektu honen bidez, eskolako hizkuntza proiektua berritzearekin batera
auzo/herriko hizkuntza plana osatu eta elkarren eskutik garatzea dugu helburu.
Materialgintzari dagokionez, honako hauek ditugu hezitzaileentzako lagungarri izan zitezen
sortutako materialak:
➢ Etorkinak eskolan (liburua)
➢ Hezkuntza Ekimenen katalogoa (CD-a)
➢ Buruketak lehen hezkuntzan (progresioa ziklotik ziklora) (liburua)
➢ Kazeta Proiektua (liburua+CD-a)
➢ Pentagrama-Enea (liburua+CD-a+DVD-a)
➢ Etxerako lanak (hausnarketarako txostena)
Giro ludikoa eta aldarrikapena lotuz, urtero ospatzen dugu gure jaia. Euskal Eskola
Publiko Berriaren Jaia. Gure jai nazionala. 2017ko maiatzaren 21an XXI. jaia ospatu
genuen Iruñean. Bestelako eskola eredu batean sinistu eta eredu horren alde lan egiten
dugunok biltzen gara bertan. Jaiaren antolaketa eskolen arten banatu ohi da eta gauza
ugarirentzat dago tokia: proiektuak aurkezteko, nahi eta behar dugun eskolaren
ezaugarrietan oinarritutako tailerretan parte hartzeko, aldarrikapenerako, dantza egiteko,
musikaz gozatzekoE Sortzenen kideentzako data esanguratsua da.
Gure Ekarpenak:
Inposizioak gainditze bidean ere lan handia egin du Sortzenek 25 urteotan, oro har, beste
eragile batzuekin elkarlanean. Horren eredu, LOMCEri aurre egiteko sortutako hezkuntza-
eragileen plataforma. Bertatik, hainbat mobilizazio, ekimen eta dinamika antolatu eta
Hezkuntza Sistema Propioaren bidean, LOMCEri aurre egiteko Gida sortu genuen.
Norabide berdintsuan, D ereduaren eta murgiltze ereduen zabalkundearen defentsan
egindako lan handia ezaguna da; eta, horrekin batera, euskararen kaltetan zetozen beste
hizkuntza-eredu batzuen kontra egindakoa ere ez da nolanahikoa izan urteotan,
administrazioen xantaiei men egin gabe. Zentzu berean, Nafarroako “Vascunceren legea”k
ezartzen dituen muga, zonalde, eskubide urraketa eta abarrei aurre egiten ibili gara
elkartearen babesa, indarra eta lana horri begira jarriz. Bide horretan, besteak beste,
“Euskaraz bizi eta ikasi nahi dut” plataformaren sorreran; urtero-urtero, aurre-matrikulazio
kanpainetan edota euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzeko jaien antolaketan parte izan
gara.
Euskalduntzearen inguruko lanketa teoriko eta praktikoez gain, beste hamaikatxo gai
jorratu ditugu maila teorikoan urteotan, besteak beste, jangelen funtzionamendu berri
9
baterako planteamendua; ikas-liburuen debekuaren gaineko lanketa berezia eta tresnen
sorrera; 0-3 etaparen inguruko lanketa eta proposamena; egutegi propioaren
planteamendua; eskola-maparen lanketa; ikastetxeen autonomiaren inguruko proposamen
landua...
Baina lanketa teorikoen artean, hiru azpimarratu nahi ditugu, batetik, lorpen komunak
direlako eta, bestetik, eta bereziki, Sortzenen xedeak garatzeko euskarri nagusiak jasotzen
direlako bertan. Lehenengoa, Euskal Eskola Publiko Berriaren Plan Integrala, non haren
ezaugarriak zehazteko ahalegina egin zen, horretarako hezkuntza komunitateko hainbat
eragile gonbidatu genituela. Bigarren lanketa, euskal publikotasunaren definizioa eta
ezaugarriak barnebiltzen zituen Oinarrizko Hezkuntza Akordioa (OHA). Azkenik, Ikastolen
Elkartea eta Udalbiltzarekin batera definitu genuen Euskal Curriculumaren oinarria,
“Derrigorrezko eskolaldirako euskal curriculum espezifiko eta komuna”, hain zuzen.
2.- BALANTZE-BALORAZIOA. SORTZENEN ERRADIOGRAFIA
25 urteotako ibilbideari erreparatuta, eta egindako lanari soilik begiratuko bagenio, mende
laurden honetako balantzea erabat positiboa izan dela baino ezingo genuke esan. Baina,
zoritxarrez, errealitateak ez digu horren balorazio positiboa eskaintzen. Egindako lana
aipagarria bada ere, hezkuntza-eragile moduan, elkarteak izan duen eta egun daukan
eragiteko gaitasunaren gainean balantzea ezin da oso positiboa izan.
Batetik, egindako lana anitza, ugaria eta ona izan bada ere, inor gutxik ezagutzen du.
Nafarroan hezkuntza euskaldunaren eremuan erreferente garela argi badago ere,
Elkartearen bestelako helburu estrategikoak ezagutu ere ez dira egiten bertan. Araba,
Bizkaian eta Gipuzkoan ere ez dira ezagunegiak, oro har, Sortzenen helburu estrategikoak
eta egiten dituen lanketak edo eskaintzen dituen proiektuak. Hezkuntza eremuan ez da
elkarte erreferentziala.
Ezezagutza horren arrazoiak sakonago aztertu beharko lirateke, noski, baina argi dagoena
zera da; langile onak eta oparoak izan bagara ere, ez dugu jakin izan geure burua “saltzen”.
Barne- zein kanpo-komunikazioak huts egin digu; ziur asko, geure buruari ez diogulako
aitortu egindako lanaren balioa.
Bestalde, hainbat gai garrantzitsuetan hutsune nabarmena daukagu. Guretzat oinarrizkoak
diren Plan Integrala eta OHAri dagokionez, esaterako, oinarrizko lanketa teorikoak egin
ditugu baina, bestelako garapenik gabe, bere horretan geratu dira.
Nagusiki mende laurden honetako balantzearen ahulguneak hobeto aztertu eta gainditu
nahian, elkartearen eta proiektuaren beraren osasun-egoera aztertzea erabaki zen 2015/16
ikasturtean. Horrela, harreman-prozesu bat abiatu zen non, egungo bazkideen lagin zabal
baten gogoetak jaso ziren. Horiekin batera Sortzenen ibilbidean parte izandako zenbait
10
norbanakoen ekarpenak ere bildu ziren, elkartearen kanpotik ere Sortzen nola ikusten zen
testatzeko helburuz.
Harreman prozesu horretatik, etorkizuneko bidea marrazten lagun dezaketen ondorio eta
datu nagusiak jaso ditugu txosten honetan, motzean, bi ataletan banatuta: proiektuaren
garapenari dagokion atala, batetik; eta antolaketa eta parte-hartzeari dagokiona, bestetik.
Bi atal horiei, hausnarketari heltzeko orduan kontuan izan beharreko informazio osagarria
jasotzen duen atala ere gehitu diogu.
Proiektuaren garapena
Oro har, elkarrizketatuen gehiengoak Sortzenek ordezkatzen duen proiektua Euskal Herriko
hezkuntza-mugimenduan beharrezkoa dela deritzo. Alegia, estamentu guztien parte-
hartzea bere baitan jasoko duen eskola-eredu euskaldun, publiko-herritarraren proiektua
beharrezkoa da gure hezkuntzarentzat eta, areago, gure herriarentzat. Egun, Sortzen
kenduta, ez dago proiektu hori aldarrikatu eta eraikitze-lanean ari den eragilerik.
Erronka horrekin aurrera egiteko eragile indartsua eta erreferentziala beharrezkoa dela da
iritzi nagusia. Erreferentzialtasunari dagokionez, baina, oso bestelakoak dira Araba, Bizkaia
eta Gipuzkoan jasotako iritziak Nafarroa Garaian jasotakoekin alderatuta. Horrela,
elkarrizketatu gehienen iritziz,
● Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Sortzenek ez dauka erreferentzialtasun nahikorik.
Erreferentzia nagusi diren EHIGE eta EH Ikastolen artean Sortzenek ordezkatzen
duen proiektuak badu tokia baina, egin daitekeen lana beharrezkoa ikusita ere, oso
ahulduta ikusten da elkartea erronka horri behar den moduan ekiteko, zenbaitek
jarraitzeak merezi ote duen ere zalantzan jartzen duela.
● Nafarroan hezkuntza-erreferente nagusietako bat da Sortzen; beraz, elkartearen
jarraipenaren beharra ez da zalantzan jartzen. Hala ere, euskara da elkartearekiko
atxikimenduaren oinarri nagusia eta Euskal Eskola Publiko Berriaren eredua edo
Euskal Hezkuntza Sistema nazionala, helburu estrategiko gisa, ez dute lanketarik
izan eta, ondorioz, ez dago horiekiko atxikimendurik.
Antolaketa eta parte-hartzea
Sortzenek egun duen antolaketa ereduak eta lan-estiloak muga eta gabezi ugari duela
ondoriozta daiteke jasotako iritzietatik. Oso bestelakoak dira, ordea, Araba, Bizkaia eta
Gipuzkoako bazkideen iritziak eta Nafarroako bazkideenak.
11
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan bi ideia mota azpimarra daitezke:
● Zuzendaritza organo gardenen falta. Organo erabakitzaileetan bazkideen parte-
hartzea ia ezinezkoa izan da eta, ondorioz, langileek hartu izan dituzte erabaki
gehienak. Hori akats larria da.
● Bestalde, eta positiboan, elkartearen izaerak eta bazkidetza-ereduak alde
onuragarriak ditu; ikastetxeetako hezkuntza-komunitate osoa elkarte bakar batean
biltzea oso baliagarria da.
Nafarroan honakoa nabarmendu da:
● Azken urteotan, lan ildo nagusien izaera orokorrak (Matrikulazio Kanpaina,
“Euskaraz Bizi eta Ikasi”...) elkartearen imajinari kolektiboa horien baitan kokatu du
eta, modu batera ala bestera, bazkideekiko harremana baldintzatu du; izan ere, ildo
orokor horiekin lotutako ekimenek pisu handia hartu dute, bazkideen bestelako
beharrak (ekonomikoak, pedagogikoak...) bigarren plano batean geratu direla.
Horrek guztiak elkartearen lan estiloari desgaste handia ekarri dio.
Horrela, Elkartearen errealitate gazi-gozoa daukagu esku-artean, zeinak hausnarketa
zorrotza egitea eskatzen duen.
Informazio osagarria
Aurreko lerroetan jasotakoaren osagarri, hausnarketari ekiteko beste zenbait datu mahai
gainean jartzea komenigarri ikusi dugu. Hona hemen gure ustetan ezinbestekoak direnak:
● Sortzenek 74 bazkide ditu: 60 Nafarroan (horietatik 15, ikastetxe osoak; 45, guraso
elkarteak); eta 14 Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan (denak ikastetxe osoak).
● Elkartearen helburuak aurrera eramateko orduan, bazkide diren ikastetxe edo/eta
guraso elkarteen inplikazioa, oro har, oso maila txikikoa da eta puntuala. Bazkideak
lanerako aktibatzea gero eta zailagoa da.
● Hainbat kasutan, irakasle zein guraso askok ez daki Sortzen zer den. Zerbitzuak dira
Sortzenen erreferente bakarra ikastetxe askotan.
● Erabakitze-organo guztietan parte-hartzea gero eta urriagoa da. Horren ondorioz,
elkartean ari diren langileek berezkoak ez dituzten funtzioak betetzen dituzte, berez
ez dagozkien hainbat erabaki hartzea barne.
3.- SORTZEN AURRERA BEGIRA: GOGOETARAKO OINARRI BAT
25 urteotako ibilbidea eta egungo egoera errepasatuta, galdera batekin eman genion
hasiera Hausnarketa Batzordearen gogoetari:
Baliagarriak al dira, egun, Sortzenek duela 25 urte zehaztutako xedeak?
12
Galderari erantzun ahal izateko, ekar dezagun gogora Sortzenen hasierako helburu
estrategikoen sintesia. Honela laburbilduko genituzke helburuok:
Euskal Herriaren errealitate eta beharretan oinarritutako hezkuntza eredua definitu eta, sare
publikoko ikastetxeen eta ikastolen bertute eta indarguneak geure eginez, haien mugak eta
hutsuneak gaindituko dituen Euskal Eskola Publiko Berria eraikitzea, beti ere, eredu horren
ardatz gisa, gure bereizgarri nagusiak diren euskara eta euskal kultura hartuz eta, ikastetxe,
eragile zein norbanakoekin elkarlanean, hezkuntza-komunitate osoaren parte hartze aktiboa
bultzatuz.
Xede horiek gaur egun baliagarriak ote diren aztertzeko, egungo testuinguruan kokatu
behar ditugu. Hezkuntzaren eta, bereziki, euskal hezkuntzaren testuinguruan, batetik; eta
egungo egoera eta baldintza sozial eta politikoen testuinguruan, bestetik. Has gaitezen
lehenengotik.
Hezkuntzaren testuinguruari dagokionez, alde batetik, Hezkuntza, bitarteko gisa ulertzen
dugu; edozein herriren eraikuntza bideratzeko eta haren garapena bermatzeko ezinbesteko
bitarteko gisa. Hezkuntzaren bidez zabaltzen zaizkie belaunaldi berriei komunitatea
gidatzen duten joko arauak, identitate ikuspegiak, ikuspegi ideologikoak, kulturalak eta
sozio-ekonomikoak. Hezkuntza sorkuntzarako, eraikuntzarako eta eraldaketarako
ezinbesteko zutabea eta bitartekoa dugu, beraz.
Hezkuntzaren egiteko nagusia honela definituko genuke: pertsona ororen garapen
integrala bermatzea, alegia, garapen pertsonala eta soziala. Horretarako, herritarroi
errealitatea ulertu eta eraldatzeko tresnak eskaini behar dizkigu Hezkuntzak. Herri batek
tresna horiek antolatzeko erabiltzen duen moduari Hezkuntza Sistema deitzen diogu.
Hezkuntza eta Hezkuntza Sistema bitartekoak dira, beraz. Baina hori baino gehiago ere
badira. Edozein herri eta herritarroi dagokigun eskubidea ere bada Hezkuntzaren eta hura
antolatzeko Sistemaren nondik norakoak erabaki, antolatu eta kudeatzea, herri eta
herritarron errealitate eta beharren arabera. Horrek ahalbidetzen baitu, batetik, herriaren
biziraupena eta garapen kultural, linguistiko, sozial eta ekonomikoa bermatzea; eta,
bestetik, pertsona ororen garapen integral eta askea bermatzea, horretarako baliabideak
zabalduz.
Baina, gure Herrian, duela 25 urte bezala gaur ere, bi estatuen erabakien menpe daude
berton aplikatzen diren hezkuntza-lege organikoak eta -politikak; edo, hobe esanda,
estatuen txandakako gobernuen erabaki ideologikoen menpe. Gehienez ere, estatuek egoki
ikusten duten zenbait alorretan moldaketa batzuk egiteko eskumena baino ez zaigu
aitortzen euskal herritarroi. Horrela, gure herriak behar duen hezkuntzaren gaineko
erabakiak hartzea ukatuta, Herri eta herritar gisa dagozkigun hezkuntza-eskubideak
ukatzen zaizkigu. Bistan da: Euskal Herriak ez dauka bertoko herritarron behar, nahi eta
erabakietan oinarritutako Hezkuntza-eredu ez -Sistemarik. Ez daukagu berezko bitarteko
eta eredurik. Estatuek inposatutako ereduak baino ez dauzkagu.
13
Beraz, gure aburuz eta zoritxarrez, 25 urteren ondoren, erabateko gaurkotasuna dute
Sortzenen sorreran zehaztutako helburuek. Ez dugu esango garai hartako puntu berean
gaudela. Ezta hurrik eman ere. Mende laurdenean lan handia egin da euskal hezkuntzaren
munduan urratsak egiteko eta, zorionez -orokorrean, presio soziala oinarri-, aurrerapen
ugari lortu da, bereziki euskarazko irakaskuntzari dagokionean. Baina Sortzenen sorreran
zehaztutako helburu estrategikoen erabateko garapena eman dadin bide luzea dugu
ibiltzeko oraindik.
Beste alde batetik, urteotan aldaketa anitz eman da maila politiko zein sozialean eta
aldaketa horietako batzuk Sortzenen proiektuaren garapenerako lagungarri izan daitezkeen
moduan, beste batzuk ez dira horren mesedegarri gertatu. Sar gaitezen, bada, Sortzenen
xedeak testuinguru sozial eta politikoaren baitan kokatzen.
Baldintza politikoei dagokionez, duela 25 urte bezala egun ere, pairatzen dugun zatiketa
juridiko-administratiboak asko zailtzen du nazio ikuspegia daukan proiektua aurrera
eramatea. Hala ere, tokian tokiko beharrak eta erritmoak errespetatuta, egungo indar
politikoen korrelazioak, Sortzenen helburuen garapenerako, duela urte batzuetako
korrelazioa baino lagungarriagoa izan daitekeela uste dugu edo, behintzat, ez
oztopatzailea. Hala ere, estatuen menpe egonik, instituzio publikoetatik espero daitezkeen
euskal hezkuntzarako aldaketak ez dira euskal herritarron erabakien baitakoak izango. Hori
inoiz lortuko bada, orain arte bezala, presio sozialak eragingo du. Ez dago beste biderik.
Beharrezkoa den presio sozial horren izaera baldintza sozialen baitakoa izango da. Zentzu
horretan, jendartea izugarri aldatu da urteotan. Gure egungo aisia eta kontsumo ereduek
zerikusi gutxi daukate garai batekoekin; zer esanik ez, egungo harreman eta komunikazio-
ereduek. Epe ertain-luzerako inplikazio maila altua eskatzen duten proiektuekiko
atxikimendua eta partaidetza, lehen ezagutzen genituen moduetan, gainbehera joan dira.
Herri proiektuen garrantzia edo/eta hauek ulertu eta gauzatzeko moduak aldatu eta
dibertsifikatu egin dira eta, horiekin batera, herrigintzan parte-hartzeko eta ekarpenak
egiteko moduak ere aldatu dira. Gauza zehatzen inguruan mugitzen da jendartea, arazo
zehatzei erantzunak ematen, urrats txikiak eginez; proiektu abstraktu edo epe luzekoetan
baino, erantzun zehatzak eskatzen duten egoerei aurre eginez.
Aipatu aldaketa horiek guztiek eragin handia izan dute eragile eta mugimendu guztiengan
(berdin eragile edo mugimendu kultural, sozial edo politikoak izan). Eragile askoren kasuan,
eragin horrek “krisi” antzeko bat ekarri du eta Sortzen ez da salbuespena izan. Ziur asko, ez
da asmatu Sortzenen jarduna aldaketa horietara garaiz eta modu eragingarrian egokitzen,
eta horrek faktura pasa dio, besteak beste, bazkideen inplikazioari, elkartearen antolaketari
eta eragiteko gaitasunari.
Beste alde batetik, herri proiektu bat aurrera eramateko beharrezkoa den eragileen arteko
elkarlana, sekula erraza izan ez dena, are zailagoa bihurtu da urteotan. Interes eta helburu
propioetatik harago begiratzea ezohiko bihurtu da eta, askotan, ondoan daukagun eragilea,
proiektu komunak eraikitzeko beharrezko aliatu moduan baino, konpetentzia desleiala
egiten digun etsai gisa ikusten dugu. Horrela, salbuespenak salbuespen, herri proiektu bati
ekiteko -edo, behintzat, horretaz eztabaidatzeko- eremuko eragileak mahai baten inguruan
14
bildu eta, bakoitzaren interesen gainetik, elkarren eskutik proiektuari ekiteko aukera zegoen
garaiak bukatu zirela ematen du.
Badirudi, ba, egiteko modu batzuk agortuta egon daitezkeela. Hala ere, ez dugu uste,
inondik ere, agortu direnik herritarron ilusioa, gauzak aldatzeko gogoa edo proiektu
erakargarri batean nork bere hondar alea jarriz, modu batera ala bestera inplikatzeko grina
eta gaitasuna. Egunero ikusten da hori mota bateko ala besteko prozesu aldarrikatzaile eta
eraldatzaileak martxan jartzen direnean. Beraz, egiteko moduak aldatu direla esan
dezakegu baina ez egiteko gogoak.
Egoeraren gainean egiten dugun irakurketa hau zuzena bada, Sortzenen eraldaketarako
helburuak bete betean egin dezakete bat hezkuntza-komunitatearen parte handi baten
nahiekin eta partaidetzarako aukerekin. Izan ere, Sortzenek ordezkatzen duen proiektua
Herri Proiektu eraldatzailea da, beste inork garatzen ez duena; eta garai berrietara
egokitutako ereduekin asmatuz gero, proiektua berrindartzeko aukera egon badagoela
pentsatzen dugu. Baina hori lortuko bada, bere jarduteko modua -bere burua, ziur asko-,
berrasmatu egin behar du Sortzenek. Helburuak eurak birformulatu, mezua garai berrietara
egokitu, lanerako modu berriak asmatu, komunikazio moduak dibertsifikatu, proiektuan
parte-hartzeko formula desberdinak eskaini, antolaketa eredu eraginkorragoak praktikan
jarri... alegia, etapa berri bat ireki.
Goiko lerroetan egindako gogoetak hainbat elementu mahai gainean jartzen baditu ere,
ekarpen gutxi egiten die Sortzenek etapa berri honi ekiteko eman beharko lituzkeen
urratsei. Hortik bigarren galdera bat sortzen zaigu:
Zein izango litzateke etapa berri honen norabidea? Alegia, zer da lortu nahi duguna?
Esana dugun moduan, gure ustetan, Sortzenen sorreran zehaztutako helburuek
gaurkotasun osoa dute eta horien garapena behar beharrezkoa du gure hezkuntzak. Baina
ezin ukatu; oso helburu potoloak dira. Zabalak. Zabalegiak, agian. Beraz, gure ustez, hautu
bat eginez, Sortzenen proiektua oinarri gutxi baina sendo eta egingarrien gainean
sostengatu behar dela uste dugu.
Gure aburuz, eta 2013an Sortzenek aurrera eramandako “Haizeberritu” hausnarketa
prozesuan ateratako ondorioekin erabat bat eginez, bi dira Sortzen proiektuaren zutabe
izan beharko luketen oinarriak: 1) Hezkuntza euskalduna; eta 2) Hezkuntza burujabetza.
Hezkuntza euskaldunaren inguruan, batetik, Lorea Agirrek bikain azaltzen duen
kontzeptualizazio bati atxikitzen gatzaizkio, asko laburbilduta hiru ideia hauetara ekar
daitekeena:
● “Euskara berez balio bat da bere baitan edo izan liteke, balio hezitzaile bat, inklusiboa eta
irekia delako (...)”
● “Euskara ez da komunikazio-tresna hutsa. Hemen, asko izan dira euskararen eskutik
eraldatzera, aurrera egitera eraman gaituzten ekimenak (...)”
● “Euskara eraldatzailea den ekimen nagusi bat da, euskararen berreskuratze-prozesua. Hori
ere komunitategintza da. Herrigintza, hitz larriz”
15
Bestetik, P. Bordieu soziologoaren baieztapenarekin -“eguneroko hizkuntza-praktikak borroka
eremu dira”- eta soziolinguistika kritikoaren aldarrikapenarekin -“hizkuntzak eta euren erabilerak
ez dira neutroak”- bat eginez, zera defendatzen dugu: euskaraz aritzeak munduan toki
zehatz batean kokatzen gaitu eta kokapen horretatik aurrera eraikitzen dugu gure mundua.
Premisa horietatik abiatuta, eskematikoki, ondoko helburuak kokatuko genituzke Sortzenek
defendatzen duen hezkuntza euskaldunaren baitan:
● Euskara, euskal kultura eta bertatik garatutako curriculuma ardatz izatea.
● Euskaraz hezteaz gain, euskaraz bizitzea ahalbidetzea.
● Munduko kulturei irekita dauden euskaldun eleaniztunak sortzea.
Hezkuntza-burujabetzari dagokionez, burujabetzari buruzko ikuspegi berritu eta inklusibo
bat proposatzen dugu. Feminismoaren ikuspegi intersekzionalak, Ekuadorreko 2.008ko
Konstituzioak edota batere urrutira joan gabe, Eskubide Sozialen Kartak Alternatiben Herria
ekimenaren bitartez erakutsitako bideak euskal hezkuntzan bere gauzapena izan dezake.
Honela jaso zuen Bilboko karriketan gauzatutako ekimen politiko harek bere egitasmoa:
“(...) alternatibak ditugula eta jada martxan daudela erakutsi nahi dugu, sistema dela aldatu
behar dena. Horregatik pertsonen beharrak erdigunean jartzen dituen eredu sozial berria
aldarrikatzen dugu. Ongi bizitzeko, pertsonen zein herrien premiak asetzeko, gure buruak
eta planeta zaintzeko, nagusi den sistema bera aldatzeko”.
Hartara, premisa horiek oinarri izanda, gure Hezkuntza-Eredua eta -Sistema berton erabaki,
eraiki, antolatu eta kudeatzeko eskubidea gauzatzea helburu, honako lanei ekiteari
beharrezko deritzogu.
● Hezkuntza Sistema Propiorantz, Euskal Eskola Herritar Berriaren eredu orokorra
definitu eta garatu, eredu pedagogiko berritzaile eta askatzaile baten parametroetan
eta berau antolatu eta kudeatzeko moduetan
● Eredu orokor horren baitan, baina hezkuntza-zentroen autonomian oinarrituz eta
bertoko komunitatearen parte-hartzearen bidez, zentro bakoitzaren proiektua,
egitura, antolaketa eta kudeaketa bertatik bertara erabaki.
Hemendik aurrera, euskalduntasun eta burujabetzaren kontzeptuak zehetzea eta
egunerokotasunarekin bat egingo duten tokira eramatea proposatzen da. Beraz, zer dira bi
ideia hauek hezkuntza eremuan gabiltzan pertsona eta taldeentzako? Definizio horretatik
eratorritako kategorietan legoke, gure aburuz, Sortzenen bidea.
16
BURUJABETZA
parte-hartzea auzolana txikia
hezkidetza borrokan egina guretik eraikia
periferikoa 0 km elikadura sortzailea
eraldatzailea konprometitua berritzailea
gutxiagotua-zapaldua ergonomikoa zaharra eta berria
inklusiboa herrikoia curriculuma
elkartasuna anitza beltza
��
EUSKARA
Bistan da ez dugula ezer berririk planteatzen; elkartearen norabidea zentratzeko,
dagoeneko egiten den lana “ordenatu” eta bi oinarri lehenetsi baino ez dugu egin.
Izan ere, hezkuntza euskaldunaren gainean hamaika irakurketa, hausnarketa, teorizazio,
proposamen eta proiektu praktiko sortu du Sortzenek; ziur asko, horiek dira elkartearen
erreferenterik ezagunenak. Baina, ezezagunagoak izaki ere, hezkuntza burujabetzaren
gainean beste horrenbeste hausnarketa eta proposamen egin du elkarteak. Ekimen propioz
edo/eta beste eragile batzuekin elkarlanean osatutako oinarrizko proposamenak.
Beharbada, heldu da garaia proposamen horiek tiraderetatik atera eta proiektuarekiko
atxikimendu-ikur moduan astinduz, horiek garatzeko bideak eta moduak aztertzeko.
Argi dago, beraz, etapa berri hau ez dugula zerotik hasi behar. Sortzenen ibilbideari
erreparatzea baino ez dago bi oinarri horien baitan egindako lan ugaria identifikatzeko.
Baina bi arazo ikusten dira bide horretan:
➢ Proiektu propioak, beharbada, sakabanatuegi geratu dira ezagutzen dituzten
herritarren begietara, dispertsatuak; haragoko helbururik eta konexiorik gabeko
txanpinoi gisa ikusiak.
➢ Beste eragile batzuekin elkarlanean egin eta adostutako proiektu eta
proposamenak, oinarrizko emaitzetatik harago joateko oztopoak tarteko, tiradera
barrutan geratu dira, garapena emateko garai hobeen zain. Baliteke, horrek,
nolabaiteko desilusioa sortu izana hezkuntza-komunitatearengan.
17
Bitarteko gutxirekin lan egiten duen elkarte txikia da Sortzen baina lanerako ahalmen
izugarria erakutsi du bere ibilbidean. Eta euskal hezkuntza-komunitatearen multzo handi
batentzat ezezaguna edo oharkabean pasatzen den eragilea bada ere -Nafarroa
salbuespen-, lanketa propioak egiteaz gain, euskal hezkuntzan mugitu diren gai eta gune
gehientsuenetan izan da parte Sortzen, eta ez entzule gisa; beti aktiboki parte hartzen,
azken xedeetara hurbilduko gaituzten ekarpen eta proposamen berriak egiten...
Baina, baliteke, goraipatzeko moduko bertutea beharko lukeen aktibitate maila horrek berak
azken helburuekiko dispertsioa eragitea, Sortzen zer den eta zertarako ari den argi ez
daukaten herritarrengan behintzat.
Horregatik proposatzen dugu, hain zuzen, Sortzenen lana bi oinarri edo zutabe horietan
zentratzea eta egiten den urrats bakoitza lau haizetara zabaltzea, ez soilik bazkideen
artean, baizik eta hezkuntza-komunitate osoari komunikatuz.
Dagoeneko oinarrizko garapena duten bi proiektu proposatuko genituzke etapa berri honen
zimendu gisa: “Euskal Herriko Eskola Publikoaren Plan Integrala” (Plan Integrala, aurrerantzean)
eta “Oinarrizko Hezkuntza Akordioa” (OHA, aurrerantzean).
Zergatik bi proposamen horiek? Hiru arrazoi nagusirengatik:
● Hezkuntza-burujabetza oinarri duten eta elkarren osagarri diren proposamen
horietan Sortzenen xedeak garatzeko euskarri nagusiak jasotzen dira.
● OHAk euskal herritarron hezkuntza-eskubideak definitzen ditu eta, horietarik
abiatuta, euskal publikotasunaren eredua finkatzen du.
● Bi proposamen horiek lorpen kolektiboak dira.
Kontua da hamabost urte inguru pasa direla proiektu hauek abiatu zirenetik; beraz, hautsa
kendu beharko zaie, errebisatu, eguneratu, findu... Baina, gure ustetan, proposamen horiek
zedarritzen dute Sortzen proiektuaren markoa, lan guztiei koherentzia eta kohesioa ematen
dien aterkia: Euskal Eskola Berria eta Euskal Hezkuntza Sistema eraikitzeko oinarriak.
Alta, proposamen horiek garatzeke geratu ziren. Plan Integralaren hezurdura zabaltxoa
adostua dago, baina atalez ataleko garapena eta praktikara eramateko planteamenduak
behar ditu. OHAk ere, dokumentua osatzetik harago, ez du garapenik izan.
Horren harira, hainbat galdera sortzen zaizkigu: eragile askoren elkarlanaren bidez
osatutako proiektu horien garapena noren esku egon beharko litzateke? Egokia eta
egingarria al da Sortzen bakarrik aritzea lan horretan? Zein litzateke Sortzenen egitekoa?
Ba al du Sortzenek lan horri ekiteko gaitasunik eta erreferentzia nahikorik?...
Gainera, aipatu proiektu komunez gain, hezkuntza-zentroetan egunerokoan garatzen ari
diren proiektu zehatzak ere baditu eskuartean Sortzenek (Hizkuntza Proiektua; Euskaraz
Mintza...); erreferentzialak diren edo/eta izan daitezkeen proiektuak. Eta horien harira ere
18
zenbait galdera planteatzen zaizkigu: azken xedeari begira, proiektu horiek -eta beste
batzuk- garatzea izan al daiteke Sortzenen elkartearen etorkizuneko zeregina? Horrela
balitz, zer-nolako proiektu mota bultzatu beharko luke Sortzenek? Zeintzuk izan daitezke
eguneroko praktikatik erantzun globalak eraikitzeko aukerak?
Alegia, ireki nahi den etapa berriari begira, galdera horiek guztiak bere baitan dituen
honakoa planteatzen zaigu:
Non eta nola kokatzen da Sortzen hezkuntza-komunitatearekiko eta -eragileekiko?
Euskal Hezkuntza eraldatzeko tresna gisa sortu zen Sortzen. Euskal Eskola Herritar Berria -
eta berau antolatzeko Sistema- eraikitzeko, hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartze
aktiboari bide emanez, sektoreen arteko elkarlana bilatzen zuen. Lehen ere esan den
moduan, herri proiektu hura plataforma izaerarekin jaio zen. Oso plataforma anitza,
norbanakoak eta maila zein sare desberdinetako eragileetako eta hezkuntza-zentroetako
ordezkariak biltzen zituena.
Garai hartan, siglak gainditzen zituen proiektua aurrera eramatea helburu, Sortzen, inoren
patrimonioa ez zen neurrian, denona zen. Plataformak zehaztutako helburuekin bat eginik,
bertan parte hartu nahi zuen bakoitzarena eta guztiena. Gerora baina, eta lehen ere esan
den moduan, Euskal Eskola Publikoaren Legearen eraginez, plataforman parte hartzen
zuten eragileen interesen arteko talkak azalarazi eta legearen garapenean nork bere
interesen alde egiteko egindako hautuak, Sortzen plataformaren proiektua albo batera
uztea ekarri zuen.
Hala ere, denak ez ziren Sortzenen gurditik jaitsi. Plataformaren helburu estrategikoei
helduz, urtetan zehar aldaketa ugari emanda ere, Euskal Herriko hezkuntza publikoan
jardungo zuen elkarte gisa antolatu zuen bere burua Sortzenek eta, aldaketak aldaketa,
horrela ezagutzen dugu egun ere.
Elkarte bihurtuta baina sorrerako izaeraren helburu eta filosofiari atxikita, Sortzenek, alde
batetik, hezkuntza-zentroetan kokatu du bere eragin-eremu naturala, bertako hezkuntza-
komunitate osoaren parte-hartzean. Beste alde batetik, eta edozein elkarteren eremua
gainditzen duten lanetan, gainontzeko eragileekiko eta eragileekin elkarlana bultzatu eta
aurrera eramatea da Sortzenen ohiko jarduteko modua.
Aipatu moduan, hezkuntza-zentroa da Sortzenen eragin-eremu naturala baina hezkuntza
publikoko beste eragileetan gertatzen den ez-bezala, Sortzen ez da inposatzen diguten
hezkuntza-ereduaren kudeaketan mugitzen den elkartea; edo, hobe esan, ez horretan soilik
mugitzen dena. Sortzenen helburuak askoz harago doaz. Zentzu horretan, edozein herri-
proiektu bezala, oso proiektu ideologikoa eta, hein batean, “abstraktua” da Sortzenek
ordezkatzen duena. Horrek berak zailtzen du erabat anitza eta gero eta desideologizatuago
19
dagoen komunitatean eragin ahal izatea.
Normala denez, eguneroko arazo “txikiak” konpontzeak kezkatzen gaitu baina, gehienetan,
arazo horiek estrukturalak diren beste batzuen ondorio direla bazter utzita eta, azken hauek
konpondu ezean, adabakiak jartzen baino ez garela ari gehiegi pentsatu gabe.
Gauzak horrela, Sortzenek hezkuntza-zentroan eragiteko ikuspegi horri soilik atxikitzen
badio bere jarduna, sorgin gurpilean sartuta, jira-biraka ibiliko gara, gure hezkuntzarako
bide propio eta askeari ate handiak ireki ezinik. Beraz, Sortzenek ordezkatzen duen
proiektua aurrera eramateko hezkuntza-zentroetako komunitateen parte-hartzea funtsezkoa
dela sinetsita, alde batetik, parte-hartzerako formula berriak asmatu beharko ditugu; eta,
bestetik, zentroen eguneroko praktikan sortzen diren hutsuneei erantzuna emanez,
hezkuntza-zentroetan helburu globalagoak lortzera begirako aldaketak egitea ahalbidetzen
duten proiektu erreferentzialak garatzen jarraitzeko aukerak eta moduak aztertu.
Bestalde, hezkuntzako gainontzeko eragileekiko elkarlana ere beharrezkoa dela sinesten
dugu; beraz, orain arteko elkarlanerako moldeek ez badute funtzionatzen, beste molde
batzuk bilatu beharko ditugu.
Ondorioz, egiteko molde berriak behar ditugu. Parte-hartzerako eta elkarlanerako formula
irekiak eta malguak asmatu behar ditugu, Sortzenek ordezkatzen duen proiektuarekin bat
egiten duen orok, edozein mailatan, norbanako izan, hezkuntza-zentro osoaren ordezkari
izan, talde antolatu edo desantolatua izan, sektore batekoa edo bestekoa izan, sare
batekoa edo bestekoa, edozein eragileren ordezkari izan... proiektuan ekarpena egin nahi
duen orok bere tartea izateko moduekin asmatu behar dugu, beti ere, beto eskubidea
edo/eta hartu behar diren erabakiekiko “botere” kuota handiagoa inori onartu gabe; ez
teorian ezta, areago, praktikan.
Beste alde batetik, mesfidantzak edo/eta gaizki ulertuak ekiditeko, etapa berri hau irekitzeko
egiten diren harreman guztietan, zera utzi beharko litzateke argi, gure ustetan: Sortzenen
interes bakarra Euskal Hezkuntza-Sistema eta haren oinarri izan behar duen Euskal Eskola
Herritar Berria elkarlanean eta urratsez urrats eraikitzea da, horretan sinesten duten
hezkuntza-komunitateko kide edo/eta eragile ororekin eskuz esku. Beraz, Sortzenek
ordezkatzen duen proiektua ez doa inoren kontra; alderantziz, etorkizuna elkarrekin
eraikitzea da helburua. Eta, noski, eguneroko lan propioetan norbanako zein eragile
bakoitzak egiten duen lan eta ekimen oro aitortu ez ezik, errespetatu egiten du Sortzenek,
ados egon ala ez; baina egon daitezkeen desadostasunek ez dute, Sortzenen partetik,
helburu komunekiko elkarlana oztopatuko.
Horrez gain, gure aburuz, etorkizunean hartzen duen forma hartzen duela, zera izan behar
du kontuan Sortzenek bere harremanetan: egun ezagutzen dugun sare publikoko
hezkuntza-zentroetan dihardu egunerokoan eta Euskal Eskola Herritar Berria eraikitzea du
helburu, baina Euskal Eskola Berri horrek egungo sareen eskema eta filosofia gainditzen
ditu. Alegia, etorkizuneko euskal eskola ezin da egun daukagun hezkuntza-eredu
inposatuen eskemetan ulertu. Euskal publikotasunaren definizioan du oinarri sendoa, sare
20
guztietako kide eta eragileek osatu eta adostutako OHA-n, hain zuzen; beraz, helburua
gauzatuko bada, egungo sareen eskema alboratuta, Euskal Hezkuntza propioaren alde
dagoen edota ari den edozein norbanako, talde zein eragileren ekarpena da beharrezkoa.
Gauzak horrela, Sortzenek (hartzen duen forma hartzen duela), etorkizunean, euskal
hezkuntzaren eraikuntzan jokatu behar duen rolaren gainean hausnartu beharra dago;
besteak beste, mugimendu eta eragile desberdinetatik (Karta Soziala, Hezkuntza
Plataformen Topagunea, Hik Hasi, Herri Curriculumak...) egin eta egingo diren
proposamenen sorreran eta garapenean... ba al du Sortzenek ekarpen esanguratsurik
egiteko aukera? Eta, baiezkotan, zer ekarpen mota? Nola bideratu ekarpenok? Horiei
guztiei Sortzenen egungo bazkideek buelta batzuk ematea beharrezko delakoan gaude.
4.- ETORKIZUNEKO SORTZEN - AUKERA ANITZ
Aurreko puntuan, Sortzenek ordezkatzen duen proiektua eta elkartea bera aztertuz,
etorkizuneko balizko norabidearen oinarriak proposatzen saiatu gara. Gogoeta horren
ondorioak honela laburbilduko genituzke, motzean:
✱ Sortzen, hezkuntzan ari den elkarte bat izatetik harago, herri proiektua da. Euskal
hezkuntzarako ez ezik, Euskal Herriarentzako beharrezkoa den proiektua.
Gaurkotasun osoa izateaz gain, arrakastaz gauzatua izateko aukera daukan
proiektua. Baina, horretarako, bere burua berrasmatu behar du Sortzenek: mezua
egokitu, parte-hartzeko formulak dibertsifikatu, komunikazio bide eta modu
eragingarriak bilatu eta antolaketa eraginkorra sortu...
✱ Sortzen proiektuak bere burua eta bere jarduna azken xedeari begira zentratu behar
du, egiten duen lan guztia euskal hezkuntza propioa lortzera bideratutako bi oinarriren
baitan zentratuz eta horrela komunikatuz: hezkuntza euskalduna eta hezkuntza-
burujabetza. Oinarri horien baitan egiten den lan oro kohesionatu eta koherentizatzen
duten aterkiaren zimenduak Plan Integrala eta OHA dira; hezkuntza-komunitatearen
gehiengoaren lorpen komunak. Horiek eguneratu eta teorian zein praktikan garatzea
da aurrera begirako lanaren funtsa.
✱ Egun Euskal Herrian inposatzen dizkiguten hezkuntza-eskemak albo batera utziz,
etorkizuneko Euskal Eskola eta Hezkuntza Sistema eraikitzea du helburu nagusi
Sortzenek, horretan sinesten duten norbanako, talde eta eragileekin elkarlanean eta
elkarrekiko errespetuz, eskuz esku. Horretarako, partaidetzarako formula irekiak eta
malguak asmatzea ezinbestekoa da.
✱ Sortzenek ordezkatzen duen proiektua elkartea bera baino askoz garrantzitsuagoa da,
euskal hezkuntza propioan sinesten duten eta haren alde euren ekarpena egiteko
prest eta gogotsu dauden norbanako, talde zein eragileen topaleku komuna eta
erreferentziala izan daitekeelako. Hori horrela izanik, etorkizuneko ekarpenen
nolakotasunaz eta egiteko moduez hausnartu beharra dago.
Behin gogoeta lanak eginda, ondorioetan proposatutakoak aurrera eramateko formulak
aztertu eta egokiena izan daitekeena topatzea tokatzen da. Erabaki hori, bistan da, Sortzen
21
elkartea osatzen duten bazkideei dagokie, eta ez batzorde hau osatzen dugun kideoi. Dena
den, gure esku utzi den hausnarketa hau ahalik eta baliagarria izan dadin, azken ekarpen
bat egin nahiko genioke Sortzeni. Izan ere, gure ustetan, oso formula desberdinak egon
daitezke proposamenok aurrera eramateko eta, bazkideek hartu beharreko erabakia lagun
dezaketen neurrian, egoki iruditu zaigu bururatu zaizkigun 5 aukerak txosten honetara
ekartzea, garatu gabeko eskema gisara bada ere.
1. AUKERA ONDORIOAK (bazkideek
lantzeko)
Sortzen egungo izaera berarekin mantentzea, egungo
zenbait gabezi gainditzeko hainbat aldaketa martxan jarriz:
1) bazkidetzeko eta parte-hartzeko moduak dibertsifikatuz
2) zehaztutako oinarriak garatzeko interesa izan dezaketen
norbanako, talde eta eragileekin harremanak eginez, oinarrien
zimenduak liratekeen Plan Integrala eta OHA garatzeko
edo/eta horietan agertzen diren ezaugarriak (hezkuntza
euskalduna, aniztasun, hezkuntza-zentroen autonomia,
hezkuntza-eskubideak, publikotasun eredua...) gauzatzeko
hausnarketa eta proiektuak eraikitzeko espazio desberdinak
ireki...
2. AUKERA ONDORIOAK (bazkideek lantzeko)
Sortzenen helburuak eta proposatutako oinarriak
mantenduz, haren izaera -eta, beharrezko balitz, izena-
aldatu eta presio-talde (lobby) gisara antolatzea
Talde horren erronka nagusia iritzi- eta proposamen-talde
erreferentea bilakatzea litzateke. Lanketarako gaiak, besteak
beste, honakoak izan daitezke:
1) egungo hezkuntzaren kontraesanak eta mugak salatu eta
instituzioei hezkuntza eragileekin konponbide adostuak
osatzea exijitzea.
2) euskal eskola herritar berria eta Sistema propioa
aldarrikatzea, hezkuntza gaietan ere erabakitzeko eskubidea
exijituz eta gauzatzeko bideak proposatuz
3) egun inposatzen zaigun hezkuntza-eredua gaindituz,
hezkuntza-eragile guztien arteko lan komunerako
planteamendua eta deia egitea, bere garaian adostutakoen
garapenerako bideak irekiz.
Aukera honetan, proiektuarekin bat egiten duen iritzi
sortzaileak identifikatu eta euren ekarpenak bideratu beharko
lirateke: hezkuntzako gai desberdinetan adituak eta arituak,
batetik (horietako batzuk, landuko dituzten gaietan erreferente
direnak) eta hezkuntza-politiken eta hezkuntza-zentroetako
gorabeherak ondo ezagutzen dituzten kideak, bestetik.
22
3. AUKERA ONDORIOAK (bazkideek lantzeko)
Sorrerako helburuak eta proposatutako oinarriak
mantenduz, horiek lortzera bideratutako proposamen,
proiektu eta zerbitzuak “soilik” eskaini eta horien
lanketarako zentroak saretzen dituen elkarte gisara
berrosatzea Sortzen.
Horretarako, besteak beste, pedagogian, metodologian,
didaktikan, hezkuntza-zentroen antolaketan, kudeaketan,
autonomian, proiektuen finantzazioan... eta hezkuntza-gai
zehatz desberdinetan (hizkuntza, eleaniztasuna, aniztasuna,
hezkidetza...) “adituak” diren kideen ekarpenak lirateke
beharrezkoak.
4. AUKERA ONDORIOAK (bazkideek lantzeko)
2. eta 3. aukeren batuketatik eratorritako eredua: Sortzen
egungo izaerarekin mantentzea baina antolaketan
aldaketa nabarmenak eginez, bi “departamentu”
ezberdinez osatutako elkartea eraikitzea.
Departamentuetako bat lan ideologikoaz arduratuko litzateke
(2. aukeran planteatzen genuen lobby lana) eta besteak, lan
ideologiko hori praktikan jartzeko proposamen, proiektu,
zerbitzuak, zentroen saretze-lanak... egingo lituzke (3. aukeran
proposatzen genuena). Alegia, egun egiten duen lanaren
antzekoa eramango luke Sortzenek aurrera, baina erabat
bestelako antolaketa eta lanerako moldeak erabiliz.
5. AUKERA ONDORIOAK (bazkideek lantzeko)
Egungo Sortzen “desegin” (Nafarroan salbu) eta helburu
berdinak dituen proiektu gisa, erreferente berri bat sortu.
Alegia, duela 25 urte zeukan antzeko izaerara bueltatu.
Horretarako, eragileen siglak alde batera utzita, euskal
hezkuntzaren eremuko norbanakoek egin beharko lukete
lehenengo ekarpena, adibidez, orain arte lortutako
adostasunak garatzeko ekimen-plan bateratuta osatzeko deia
eginez.
Horrek, noski, aldez aurretik egin beharreko azpiko lan eta
prestakuntza handia eskatzen du.
◦ Aukera hau hobetsiko balitz, 3. aukeran proposatutako
ezaugarriei helduta egin dezake aurrera Sortzenek, inon
desegin gabe, beharrezko aldaketak eginez.
23
Sortzen eraketa
kongresua
24
SORTZEN
EUSKAL ESKOLA PUBLIKO BERRIAREN
ALDEKO MUGIMENDUA
25
EUSKAL ESKOLA
PUBLIKO BERRIAREN
ALDEKO MUGIMENDUA
Euskal Herriko Ikastola eta E.Publikoetako … eta irakasleak osatu dugun kolektibo
honek, Euskal Eskola Publikoak gure Herrian izan behar dituen eta ezinbestekotzat
jotzen ditugun ezaugarriak, gizarteari ezagutzera eman nahi dizkio.
Aldi berean, eta prozesuak ezberdinak izango badira ere, eskola eredu honek, Euskal
Herrian ditugun “Administrazio” ezberdinen aurrean Euskal Eskola Publiko Berri
baterantz eman behar ditugun urratsak bideratzeko balio behar digu. Eta ondorioz,
administrazioei, beren projektuek jaso behar dituzten derrigorrezko baldintzak edo
puntuak jakinarazi eta exijitzeko.
Garbi ikusten genuen, gaur dugun zatiketarekin euskalduntzea eta berdintasuna ez
direla lortuko eta EUSKAL ESKOLA PUBLIKO BERRIA egitekotan bi sareetako
indarrak bildu eta elkarrekin osatu behar genuela Euskal Herriak behar duen eskola
eredua.
Bide hau urratu nahiean eta gaurko alternatibak ez dutela balio pentsatuz, eta goitik
eskaini dizkiguten aurre-projektuak onartzen ez ditugunez, behar dugun EUSKAL
ESKOLA PUBLIKO BERRIAren eredua finkatzen saiatu gara.
Aurrean duzue, ideia honen inguruan azken hilabete hauetan egin dugun gure
saiakeraren ondorioa. Azter dezazuen eta zuen iritzia jakin nahiean, eskuratzen
dizuegu.
“SORTZEN” MUGIMENDUA
92ko Ekainak 6
26
EUSKAL ESKOLA PUBLIKO BERRIAREN
EZINBESTEKO EZAUGARRIAK
I.- EUSKALDUNA IZANGO DA.
• Euskara delako gure herriaren hizkuntza eta euskal kulturaren jabetasunerako ardatza.
• Euskal Herriko haur guztien eskubidea delako euskaraz egoki jakitea, bai
gizartean integratzeko, bai giza harremanetarako, eta baita etorkizunean lan
munduan integratzeko ere.
• Horretarako, eskolak berreuskalduntze prozesoa bultzatuko du eta euskal
kulturaren partaide aktiboa izango da.
• Guzti hau posibilitatu ahal izateko, derrigorrezkoa da Euskal Eskola Publikoko
irakaslego guztia euskalduna izatea. Izan ere horrek bakarrik ziurtatuko bait du,
haur guztiak euren ikasketak euskaraz jarraitu ahal izatea.
• Horretarako, euskaraz ez dakien irakaslegoa euskalduntzeko planak, bideak eta epeak zehaztea ezinbestekoa da. Aldi berean irakasleren batek bideak jarri
ondoren, euskararik ikasi nahi ez balu, irakaskuntza lanetik kanpo bideratu
beharko litzateke bere lanpostua. Hemendik aurrera Euskal Eskola Publikoan
sartze diren irakasle guztiak euskaldunak izango dira.
• Euskal Eskoa Publikoak, Euskal Herriko kulturan eta gure errealitate
nazionalean txertatuz, nazioarteko partaidetza sentimendua eta elkartasuna
bultzatuko ditu.
• Euskal Herriak bere Hezkuntza Curriculum propioa izango du. Bertan herri
honek bere nortasuna berreskuratu eta osatzeko behar diruen oinarri kultural
guztien taxuketa sendo bat eraikiko da.
27
ERANSKINA
Eskola Euskaldun hau lortu ahal izateko, zenbait aurre kondizio berehala
aldatzea ezinbestekoa da:
- A eredua desagertzea, euskalduntzeko balio ez duelako. - 86ko Uztailaren 4ko agindua baztertzea. - Egungo B eta D ereduak birformulatzea, murgiltze sistemak indartuz.
- Nafarroako Vascuence Legearen aldaketa eta euskararen
irakaskuntza lurralde osoan ziurtatuz.
- Euskal Eskola Publikoan dauden zerbitzu guztiak euskalduntzea.
II.- TITULARITATE PUBLIKOA.
Euskal Eskola Publiko Berriak, Titularitate Publikoa izango du. Bainan aldi berean,
gaur dituen ondorioak izan ez ditzan, komunitate eskolarraren partehartzea ziurtatzeko
eta zentroen autonomia egiaz gauzatzeko, Titulartasun Publikoaren edukia berritu
beharko litzateke.
Berritze honek ez luke ondareen jabegoarekin zerikusirik izango (zentrook ez bait
dugu patrimonio partikularren beharrik), erabakietan parte hartzeko eskubide
juridikoaren errekonozimenduarekin baizik.
III.- IRAKASKUNTZAREN GESTIO DEMOKRATIKOA ETA AUTONOMIA.
EUSKAL ESKOLA PUBLIKO BERRIAn, Gestioa benetan demokratikoa izan dadin,
ezinbestekoa da, Administrazioez gain, Hezkuntza mailan zuzenki inplikatutako
sektore guztiak Euskal Herriko Hezkuntza Politikaren partaideak izatea. Berrikuntza
hau gauzatzeko ezinbestekotzat jotzen dugu:
a) Hezkuntza Sistemaren deszentralizazioa: herrialde, mankomunitate
edo bailara, herriei eta ikastetxeei, dagokien mailan, dagozkien ahalmenak
traspasatuaz eta autonomia juridikoa errekonozituz.
28
b) Guzti hori egiaztatzeko, administrazioaz gain, Udaletxeko eta
eskoletako ordezkariak ere, Gestio Organoen partaide izango dira.
Ondorioz, Zentroko Kontseilu Eskolarrak, Herriko Kontseiluak, bailara edo
mankomunitatekoak, herrialdekoak, erakunde sozialak, erabakiorrak izango
lirateke, dagokien mailan.
d) Komunitate Eskolarra eta Administrazioa bilduko dituen “Gestio
Organo Orokorra” Euskal Herriko Euskal Eskola Publikoaren Hezkuntza
Kontseilua izan daiteke. Hau osatzen duten ordezkariek errepresentatiboak
izan beharko dute.
Garbi dago ordea ez litzatekeela kontsultiboa izango, erabakikorra baizik.
Eta administrazioek berari transferitu beharko liokete aipatu ditugun
helburuak lortzeko beharrezko dituen konpetentzia guztiak.
e) Ondorioz, Administrazioek berezko dituzten eskubideak izango dituen
bezala, Euskal Eskola Publikoko komunitate eskolarrari ere, berezko
eskumenen transferentzia juridikoa gauzatuko zaio.
ALDIBATERAKO ERABAKIA
*Euskal Herri osoan, Euskal Hezkuntza Sistema ezarriko da nahiz administrazio
errealitate ezberdinak izan. Hau ziurtatzeko Euskal Eskolen mankomunitatea sortuko
da. II eta III artikuluetan oinarrituko da bere osaketa. Bere funtzioa Euskal Hezkuntza
Sistema ezartzea izango da.
III.1.- Gestio demokratikoa.
Euskal Eskola Publikoan, GESTIOA, demokratikoa eta partehartzailea
izango da, parekidetasun printzipioan eta zentro bakoitzaren autonomian
oinarrituz.
Era honetan, Eskola komunitateko estamentu guztiek bere ordezkariak
izango dituzte, komunikazioa eta elkarrizketa bideratzeko.
Eskolako partaide guztiek (guraso, irakasle, ikasle, ez-dozente) zentroak
daraman hezketa bidean eta proiektuan intziditzeko eta erabakiak hartzeko
29
aukera izango dute:
-Zentroaren Hezkuntza Proiektua gauzatzen
-Pedagogi mota aztertzen
-Hezkuntza proiektuaren arabera, lanpostu guztien perfila eta perfil
hori beteko duen pertsona ziurtatuko da
-Eskolaren antolakuntzan
-Ekonomiaren kontrolean eta erabileran
-Erakundeekiko koordinaketan
-Eskolaren norabidea aztertzen
Zentro bakoitzak bere Proiektu eta Curriculumaren barnean, ikasleak
euskalduntzeko neurriak jarri ahal izateko eta hau aurrera eramateko
baliabide eta ahalmena edukiko da.
III.2.- Aniztasun ideologikoa.
• Eskolak aniztasun ideologikoa izango du, hau da, pluralista izango da.
• Errealitatea aztertzeko orduan, dauden ikuspegi ezberdinak ezagutu ondoren, neska-mutilak euren bidea kritikoki aukeratzeko eta bideratzeko
gai izango dira.
• Gizartearen onerako, ideologi ezberdinak elkarrekin lanean iharduteko aukera emango du eskolak. Elkarrenganako errespetuan, besteen iritziak
entzuten eta norberarenak azaltzen ikasiz, elkarrizketarako gai izanez.
• Honela, oinarrizko jarreratzat honokook jotzen ditugu: -Beste pertsonaren ideia, iritzi eta sinismenenganako errekonozimendu
eta balorapena.
-Beste pertsona eta giza-taldeen bizitzeko era ezberdin, sinismen,
balore kultural etab., errespetatzea.
-Egoera diskriminatzailerik ez onartzea.
30
• Euskal Eskola Publikoa integratzailea izango da. Diskriminazio mota guztiak baztertuz. Muga fisiko edo psikikoak dituztenekiko, sozialki
marginatuak direnekiko, etab, bereizketarik egin gabe. Ikasleen artean
emana daitezkeen prozesu eta erritmo ezberdinentzat baliabideak eskeiniz
eta behar den kasuetan konpensaketa lana antolatuz.
III.3.- Eskola hezkidetzailea.
• Neska mutilek, beren nortasun indibiduala era osoan garatzeko aukera
eta laguntza behar dute. Ondorioz, norbere burua estimatzen jakin behar
du eta elkartasunean oinarritutako harreman interpertsonalak burutzeko,
heziketa afektibo-sexual egokia jaso behar du.
• Betidanik gizon eta emakumezkoenak kontsideratu direla kontutan hartu
gabe, ikasle bakoitzaren baloreak, ahalmenak eta norberaren
ezberdintasunak onartuko dira, generoaren esteriotipoak gaindituz.
• Joera eta eduki diskriminatzaileak aztertzeko eta aldatzeko bideak
jarriko dira:
-Sexista ez den hizkera erabiliz
-Bi generoen baloreak integratuz
-Erabiltzen diren textu eta irudietan, gizon eta emakumeak modu
orekatuan azalduz
-Irakasle eta gurasoen heziketa hezkidetzailea bultzatuz
-Emakumeen aldeko diskriminazio positiboa bultzatuz
III.4.- Hezkuntza prozesu integrala.
• Hezketaren oinarrizko helburua, pertsonaren garapen integrala da. Garapen hau, nortasunaren atal hauetan gauzatuko da: motorezko eta
intelektual mailan, oreka pertsonal eta afektiboan, pertsonarteko
harremanetan eta gizarte ihardueran.
31
• Ikasle bakoitzaren ezberdintasuna onartuko da, bakoitzaren heldutasun maila, erritmoa eta gaitasun intelektuala kontutan izanez, bakoitzaren
positibotasuna indartuz eta guztiei adierazteko aukera emanez.
Bakoitza NOR izan dadin, bere kabuz jokatzen ikas dezan, pertsona
libre, kritiko eta autonomoa izaten lagunduz.
• Guztiok partaide eta solidario garen gizartean, bakoitza, norberaren originaltasuna besteei aportatzeko gai izatera bultzatuz.
• Euskal Eskola Publikoa beraz, integratzailea izango da.
Diskriminazio mota guztiak baztertuz: muga fisiko edo psikiko
dituztenekiko, kulturalki, sozialki, edo arrazarekiko marginatuak
direnekiko, etab., bereizketarik egin gabe. Ikasleen artean eman
daitezkeen prozesu eta erritmo ezberdinentzat baliabideak eskainiz eta
behar den kasuetan konpentsatze lana antolatuz.
IV.- FINANTZIOAZIOA.
Euskal Eskola Publikoan finantziazioa publikoa izango da.
Finantziazio hau hiru mailatan emango litzateke:
• Orokorrean, guztientzat derrigorrezkoa dena.
• Pedagogi berrikuntzan ematen diren urratzez gain, ikastetxe bakoitzeko komunitate eskolarrak, bere kokapen geografiko edo sozialarengatik
jasan ditzakeen, desoreka linguistiko, sozial, psiko-fisiko, etab.,
konpentsatuko dituena.
32
• Hezkuntza Proiektuaren arabera, pedagogi berrikuntzan ematen diren urratsei erantzungo diena.
Euskal Eskola Publikoa dohainik izango da.
V.- LAN MARKO BERRIA.
Euskal Eskola Publiko Berrian, sare ezberdinetatik datozen irakasleak konfluitu behar
dutenez, irakaslegoaren kolektibo berri eta bakar bat gauzatu ahal izateko Lan Marko
berri bat eratu beharko litzatekeela deritzogu.
Honela, langile guztiak lan baldintza berdina izango lukete, eta Administrazioko
langileak izango lirateke.
Kolektibo bakar hau zer motatakoa izango den eztabaidatu beharko litzateke eta
sindikatuek ere zer esana izango lukete.
Lan Marko berri hontan, Zentroko Hezkuntza Proiektuan beharrezkoak diren langile
guztien iraunkortasuna edo estabilitatea ziurtatu behar da. Ez borondatearen baitan,
Legedian jasota baizik. Izan ere, hori gabe, ekipo iraunkorra amets bat besterik ez
litzateke, zentroetako Hezkuntz Proiektua gauzatzeko AUTONOMIA.
Hernani, 1992ko Ekainaren 6an
33
Proiektuak
34
Euskaraz Mintza
Ikastetxeetako hizkuntza plangintzek zuzenduriko helburu nagusiaren ildotik, geure kulturaren transmisio egokirako eta ikasleen garapen osorako lagungarri nahi du izan Euskaraz Mintzak. Horregatik, euskara ikas hizkuntza izateaz gain, bizi hizkuntza, eta, hortaz, harremanetarako hizkuntza naturala bihurtzea dugu Euskaraz Mintza programaren helburu nagusi. ZER DA EUSKARAZ MINTZA Euskaraz Mintza Sortzen-Ikasbatuaz Elkartearen eskutik sortu den egitasmoa da. Euskararen erabilera sustatzeko, jolas ordu batzuetan ikasleen begiraleak jartzen ditugu, haur eta gazteak motibatzea garrantzitsua dela uste dugulako. JUSTIFIKAZIOA
1. SOZIOLINGUISTIKOA Egoera soziolinguistiko normalizatu batean Eskolaren lana ikasleen ibilbide kulturala zuzentzea da. Ikas irakats hizkuntzatik kanpo geratzen diren gainontzeko hizkuntza erregistro guztiak familiak, senideek eta lagun giroak ematen dizkiete haurrei. Adin txikitan afektibitatea nagusia denez, nahiz eta irakaslea imitatzeko eredu garrantzitsuenetako bat izan, adin horretan kanpo eragile batzuk agertzen hasten dira, lagunen arteko harremanen garrantzia nagusitzen doa, baita horien eredu linguistikoak ere. Hori horrela, eta sozializazio garapenari loturik, erdarak eskaintzen dizkion erregistro hurbilak erabiliko ditu haurrak, ondorioz, erdara nagusitzen doa ikasgelaz kanpoko gune horietan, eta gero, goi zikloetan, institutuetako ikasgelatan ikasleen artean ere bai. Ikastetxeek hutsune horretaz arduratu eta bideak jarri behar dituzte, beste argudioen artean, hutsune horrek eskola garapena izugarri baldintzatzen baitu.
2. IRAKASKUNTZAK DITUEN FAKTORE ENDOGENOAK Batetik, euskarak hezkuntza arautuan denbora gutxi darama, eta, bestetik, irakasle asko eta asko euskaldun berriak dira. Hori guztia kontuan hartuta, euskarazko erregistro osoak eta egokiak eskaintzeko, arazoak eta zailtasun handiak dauzkagu ikastetxeetan. 3. IRAKASLEAK IKASTETXEETAN LANEZ GAINEZKA DAUDE Euskal lerroetan, batez ere, murgiltze ereduak gainezka daude, eta laguntzak, hainbat arrazoi direla medio, urriak dira. Hori guztia dela eta, martxan jarri genuen EUSKARAZ MINTZA PROIEKTUA. Egoera horri buelta eman eta gure ekarpena egiteko sortu ginen, eta horretan gaudela gogoraraztea beharrezkoa eta garrantzitsua dela deritzogu.
35
Helburu orokorra ikasleek euskaraz normaltasunez egin dezaten lortzea da, aipatu bezala, ikasle horiei ama hizkuntzak, edo kaleko eta familiako hizkuntzak ziurtatzen ez dizkien erregistro hurbilak eskaini nahi dizkiegulako. Betebehar hau propioki eta soilik eskolakoa ez denez, denon ardura bihurtzen da, murgiltze ereduen bitartez, gurasoei ere arreta berezia ematea (euskaldunak ez direnei, bereziki).
➢ Jolas ordu batzuetan, monitorizazioaren bidez, haur hezkuntza eta lehen hezkuntzako ikasleei lagunarteko hizkuntza erregistroak eskaintzen dizkiegu; horrek eskola orduetatik kanpo euskaraz mintzatzen lagunduko dielakoan baikaude.
➢ Bitarteko tresna gisa, haur hezkuntzan eta lehen hezkuntzako lehenengo bi zikloetan nagusiki jolas tradizionalak erabiliko ditugu. Batetik, parte hartzea posible egiten dutelako, eta, bestetik, gaur egun erabiltzen ez direnez, ohitura linguistikoak ez direlako oztopo bihurtzen, abantaila baizik. Gainera, bide batez, galtzeko zorian dauden jolasak berpizteko aukera dugu.
➢ Esperientziak erakutsi digu, haurrek, adin jakin batetik aurrera, eta bereziki, lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailetatik gorako haurrek ez dituztela oso gustuko begiraleekin egiten diren jolas tradizionalak; umekeriak iruditzen zaizkie proposatutako hainbat jolas. Hori dela eta, adin horretako haurrentzat beste era bateko ekintzak prestatu ditugu, hala nola, aldizkari bat diseinatzea, papiroflexia, malabareak, herri kirolak... Horrela, ikasle horiek gehiago motibatzea lortuko dugu, eta, era berean, euskararen erabilera naturala bultzatzen jarraitzeko aukera dugu.
GURE PROIEKTUAK LAU FASE DITU
1. FORMAKUNTZA Irakasleei, monitoreei eta bestelako langileei zuzendutako ikastaroak ematen ditugu, jolasen ezagutza hezitzaileen artean bermatzeko helburuarekin. Ikastetxeko ikasketa ziklo bakoitzeko irakasle batek derrigorrez parte hartu behar du: jolasak ezagutuko ditu, eta beste irakasleei ezagutzen berri emateko ardura izango du. Horrekin batera, jantokiko langileentzat nahiz beste langile batzuentzat irekiak izanen dira ikastaroak. Prozesu hori funtsezkoa da programaren atxikitze eta garapen faserako.
2. JOLAS ORDUETAKO MONITORIZAZIOA 2000ko martxoan hasi zen sei ikastetxetan eta, gaur egun, 28 ikastetxetan gaude lanean. Ikastetxe bakoitzean monitore bakoitzak ordu erdiko bi saio emango ditu ikasleekin jolasten, eta beste ordu erdi bat koordinazio lanetan, jolas bilketan eta proiektuaren garapenerako lanetan (ikus-entzunezko nahiz baliabide informatikoak lantzen).
3. GURASOENTZAKO JOLAS TAILERRAK 12 ordutako ikastaroak eskaintzen zaizkie gurasoei, beren seme alabekin euskaraz jolas daitezen. Nahiz eta ikastaroa euskaraz izan, jolas egokiak antolatuko ditugu guraso erdaldunek eta euskara maila baxua dutenek parte har dezaten, haiek baitira
36
premia handiena dutenak. Gure proiektua garatzen ari den ikastetxe bakoitzean gurasoei urtero eskaintzen diegu ikastaro hau.
4. PARTE HARTZEA Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleei zuzenduta dago, ikasle horien parte hartze aktiboa bermatzeko. Lehen aipatu bezala, beste era bateko ekintzak prestatuko ditugu, hala nola, malabareak, aldizkari bat osatzea, papiroflexiaE Era berean, ikastetxeen arteko harremanak bultzatzeko helburuarekin, hirugarren hiruhilekoan Herri Kirolak landuko dituzte, gero Iruñeko Takonera parkean, urtero ospatzen den Euskal Eskola Berriaren jaiaren barnean, Euskal Herriko eskolen arteko Herri Kirolen txapelketa egiten baitugu. Txapelketa horretan parte hartzeko baldintza bakarra euskaraz mintzatzea da. Horretarako guztirako oso garrantzitsua da gure lana, erabat funtsezkoa da gure begiraleen zeregina. Ikastetxeko euskalduntze planari lotuta doa gure funtzioa, eta hori guztia aurrera ondo eramateko ardura dugu. Ikastetxeko euskara arduradunarekin, irakasleekin, zuzendaritzarekin eta haurrekin harreman egokia eta parte hartzailea landuz, programazioak adostuz eta ebaluatuz, balorazio orriak betez, helburuak markatuz eta aurrerako urratsak emanez. Ez gara jolas uneetan haurrak entretenitzeko begiraleak soilik, Euskaraz Mintza Proiektuaren parte baizik.
PROGRAMAN PARTE HARTZEKO IRIZPIDEAK Euskaraz Mintza programan parte hartzeko, ikastetxeak arduradun bat izendatu behar du, arduradun horrek gure begiralearen eta zikloen arteko koordinazioa bermatu beharko du, eta programaren koordinazio bileretan parte hartuko du. Ikastetxeak Hizkuntza Plana egina eduki behar du, edo egiteko konpromisoa hartu behar du. Proiektua ebaluatzeko konpromisoa hartu behar dute, eta programa garatu dadin beharrezkoa den azpiegitura errazteko asmoa azaldu. Gainera, Sortzen elkarteak programa hau bideratzeko egiten dituen ahaleginak kontutan hartuta, bertako kidea izatea derrigorrezkoa izan gabe, bereziki baloratuko da programaren zabalpenerako lehentasunak markatzeko unean. Urtero, ikastetxe guztietako arduradunek eta gure begirale guztiek balantze orokorra egiteko bilera izaten dute. Bestalde, gure begiraleekin hiru hilabetean behin egiten dugu koordinazio bilera herrialde bakoitzean, urritik maiatzera.
37
Aixe aisialdia Gure ustez, eskolaz kanpoko ekintzak osagarri garrantzitsuak dira hezkuntzan, irakaskuntza formalak jasotzen ez dituen bizitzaren arloak eta esperientziak lantzen baititu. Gure haurrentzat eta gazteentzat euskararen erabilera sustatzeko tresna garrantzitsuak direla uste dugu. Hizkuntzaren erregistro formalak transmititzeko lan handia egin da azken hamarkada hauetan (eskolak berezkoa duen lana da). Baina, orain dela gutxi arte, ez gara ohartu aisialdiak erregistro ez formalei eskaintzen dien lekuaren garrantzi estrategikoaz. Hiztun gazteek erregistro ez formalak behar dituzte erosotasunez eta eraginkortasunez komunikatzeko, horiek baitira bere munduan, gazteen munduan, indarra duten erregistroak. Aisialdian euskarak beste dimentsio bat hartzen du, modu ludikoago batez erabiltzen da, eta euskararen erabilera beste arloetara zabaltzen da. Zoritxarrez, gaur egun euskaraz ematen diren eskolaz kanpoko ekintzek badute askotan gabeziarik. Batetik, monitoreek bitarteko gutxi dutelako eskolaz kanpoko ekintzak ongi programatzeko eta emateko. Bestetik, euskararen kalitatea ez delako behar bezain beste zaintzen, hiztegi bereziak landuz, hizkuntzak duen aberastasuna haurrei transmitituz... Errealitate hau kontutan hartuta jarri dugu gure proiektua martxan. Aisialdiko ekintzen kudeaketaz arduratzen gara, zentroei, guraso elkarteei eta monitoreei gure laguntza eskainiz. ZER DA AIXE? Aisialdia, kudeaketa alorrean, alor didaktikoan, begiraleen lan baldintzak zein formakuntzaren alorrean hobeki lantzeko taldea osatzen dugu, beti euskararen erabilera sustatzeko asmoz eta guraso elkarteei, ikastetxeei zein udalei bete behar duten eginkizunetan laguntzeko, ordezkatu gabe, jakina. Nortzuk osatzen dugu Aixe?: Begiraleok, koordinatzaileok, aholkulari didaktikook eta arduradun batzordeok. Kalitatea, haurrak euskaraz garatzea eta langileen duintasuna uztartuz aurrera eramaten ari garen programarekin bat egiten baduzue, elkarrekin lan egiteko aukera irekia eskaini nahi dizuegu. GURE IRIZPIDE NAGUSIAK Euskara Euskarak aisialdian oso dimentsio garrantzitsua hartzen du. Gure programa testuinguru ez formalean eta ez arautuan egiten da, eta giro ludikoak duen lehentasuna zainduz, euskararen erabilera hurbila lantzea dugu helburu nagusi. Hezitzaileen profesionalizatzea Hezitzaile euskaldunen lan poltsa osatu eta etengabe berritzen dugu. Hezitzaileen prestakuntza
38
Gure langileei formatzeko aukera eskaintzen diegu. Hezitzaileei zuzendutako formakuntza ikastaroak antolatzen ditugu, honako gaiak jorratzeko: euskara eta aisialdia, soziolinguistika mailako nozio orokorrak, aisialdiko ekintzen hiztegiak, didaktikari buruzko nozio orokorrak... Hezitzaileen lan baldintzak Begiraleei lan baldintza duinak eskaintzeaz gain, haien lan egoera erregularizatzea dugu helburu (kontratua, gizarte segurantza, ...) Baliabide Zentroa Hezitzaileek beren lana errazago eta eraginkorrago egin dezaten, baliabideak aurkituko dituzte bertan: unitate didaktikoak, programazioak, liburutegia... GURE ESKAINTZA AISIALDIAREN KUDEAKETA INTEGRALA, HAURREI ETA GAZTEEI ZUZENDUA Aisialdia osotasunean garatzeko ekintzak eta ikastaroak eskaintzen ditugu, ikastetxeekin eta udalekin elkarlanean, haurren garapen prozesua ahalik eta orekatuena izan dadin: Ikastetxeei zuzendutako eskaintzak. Eskolaz kanpoko ekintzak Honako hauek dira gaur egun kudeatzen ditugun eskolaz kanpoko ekintzak: futbaltxoa, eskulanak, euskal dantzak, birziklapena, xakea, jolasak, ipuin tailerrak, informatika, saskibaloia, hip-hopa, musika, margolaritza, antzerkigintza, zirko tailerrak... Hala ere, gure asmoa proposamen berriak eskaintzea da, ikastetxeen behar zehatzak betetzeko asmoz. Udalei zuzendutako eskaintza. Aisialdiko ikastaroak Hainbat udalek aisialdiko ikastaro edo ekintzak programatzen ditu, ikasturte osoan zein uda partean. Ikastaro eta ekintza horiek kudeatzea eskaintzen diegu, eta eskaeraren arabera gure proiektuak egokitzea. Helduen formakuntza Gurasoei zuzendutako ikastaroak antolatzen ditugu.
39
Ikasle euskaldun eleaniztunak Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak duela ia 10 urte plazaratu zuen Ikasle
Euskaldun Eleaniztunak Sortzen proposamena oinarri hartuta, teoria praktikara
eramateko prozedura diseinatu genuen, eta Dima eta Egian esperientzia pilotu bi jarri
genituen martxan. Bi helburu jarri genizkion gure buruari: batetik, fase ezberdinetan
lantzeko diseinatu genuen prozesuaren buruan Dimako eskolan eta Aitor ikastolan
Hizkuntza Proiektua berridaztea, eta, horrekin batera, auzo/herriko hizkuntza-plana
osatzea.
Baina, hortik harago, bi esperientzia praktiko horien garapenak eta emaitzen ebaluazioak
Euskal Herriko edozein tokitan erabiltzeko moduko Hizkuntza-Proiektua lantzeko GIDA
PRAKTIKOA sortzeko balio beharko zuen. Horra Sortzenek beregain hartu zuen lana.
2012-13 ikasturtean hasi ginen Dima eta Egiako ikastetxeetan lanean, eskola-
komunitatearen (irakasle, ikasle, guraso) konpromisoarekin abiatu ere, eta hortik, udal zein
herri eragile eta herritarrekin elkarlanean antolatu genuen prozesua.
Lehen fasean, bai Egian eta baita Diman ere, baldintzak sortu eta sentsibilizazio lana
burutzearekin batera, diagnosia egin zen (biztanleria, datu soziolinguistikoak, hizkuntzen
ezagutza eta erabilera datuak, jarrerak...). Hizkuntza proiektua integrala eta adostasun
zabalekoa izan zedin, hasiera bertatik, antolatu zen eskolaz gaindiko elkarlana herritar eta
eragile askotarikoen parte hartzearekin. Elkarrekin partekatu ziren, helburuak eta arrazoiak
lehenik, eta lanak gero. Aurrera jarraitzeko oinarri sendoa jarri zuen lan horrek.
Era berean, lehen fase horretan diagnosien emaitzek erakutsi zuten, helburu eta diseinu
berarekin abiatuta ere, ikastetxe eta herri/auzo bakoitzak bere errealitate eta beharren
arabera egingo zuela hurrengo faseen lanketa, erritmo propioarekin.
Hizkuntza-Proiektuak, tresna dinamikoa izan beharko duela argi ikusi genuen une
horretan.
Lehen fase horretan, prozesu osoaren emaitza izango den HP Gidaren hezurdura ere
zehaztu zen..
Hurrengo faseetan, bakoitzak bere bidea egiteko lehentasunak erabaki eta lan tresnak
sortu zituen (proiektuaren arduraduna, jarraipen batzordea...), eta ikastetxeko HP
40
birdefinitzeko eta herri/auzo mailako hizkuntza-plangintzak diseinatu eta martxan jartzeko
prestakuntza eta baliabideen zehazte lana hasi zuten. Diagnosiak oinarri hartuta, gogoeta
estrategikoa egin zuten eskola zein herri/auzo eremuetan, eremu pedagogikoa eta
gainerakoak aztertu eskolan, aisialdia, administrazioa, familiekiko dinamika... Eta egitasmo
osoan zehar etengabeko ebaluazioa eginez heldu gara amaierara.
Egun, Dima eta Egian, eta erritmo ezberdinetan bada ere, esperientzia pilotua amaitu
dute, Diman Hizkuntza proiektua berridatzi dute eta Egian 2017/18 ikasturte amaierarako
idatzita edukiko du. Horrez gain, bai bata zein bestean, auzo/herri mailan hizkuntza-
plangintzak eta horien dinamizaziorako tresnak martxan dituzte. Esperientzia praktikoen
emaitza oso positibotzat baloratu dugu, bai Sortzenek eta ,baita, Dima zein Egian
proiektuan partaide izan direnek.
Bestalde, Ikasle Euskaldun Eleaniztunak hezteko Hizkuntza-Proiektuaren Marko Teoriko
Orokorra eta Gida praktikoa jaso dituen dokumentua, (HUHEZIko adituen laguntzarekin
.landu duguna) argitaratu dugu, eta 2017ko abenduaren 2an Diman egin dugun aurkezpen
ekitaldian plazaratu dugu hezkuntza zein euskalgintzako eragile askoren aurrean eta baita
Dimako herritarren aurrean ere.
Eskol herrian Euskaraz markarekin plazaratu dugu gure GIDA, hain zuzen ere, oso ondo
jasotzen duelako lelo horrek gure proiektuaren funtsa, hau da, ikastetxean euskara ikas-
irakas hizkuntza izatetik bizi hizkuntza izan dadin nahi dugu; herrian euskaraz bizi nahi
dugula horretarako eremu berriak irabazi behar ditugularik euskara eta euskaldunontzat; eta
horrekin batera, ikastetxeak eta herriak elkarlanean jardun behar dutela euskal herritarron
belaunaldi berriei euskaraz bizitzea bermatzeko.
Badaukagu lana aurrerantzean!
41
Lanketak
42
EUSKAL HERRIKO ESKOLA PUBLIKOA
ESKOLA EREDUAREN OINARRIAK
Andoainen, 2004ko urtarrilaren 17an 1. IKASTETXE PUBLIKO EUSKALDUNA Eskola Eredu Bat da: Euskal Herriko Eskola Publikoaren bidean, eskola publiko euskalduna gauzatu nahi duen eskola; Euskara eta euskal kultura ardatz dituen eskola; Euskal Herriak bere izaeran eta kultur nortasunaren erroetan oinarritutako curriculuma garatuko duena. Euskal gizartearen aniztasuna kontuan hartuta, eta aniztasun horri erantzunez, euskaraz hezi eta bizitzea bilatzen duen eskola, aldi berean nazioarteko sentimendua eta elkartasuna bultzatuz. IKASTETXE PUBLIKO BATEK BULTZATU BEHARREKOA A) Euskal Herriko curriculuma: a. Euskal ikasmaterialen hutsuneak gainditzeko plangintza eraginkorra bultzatu, beharrezkoak diren baliabideak jarriz. b.Euskal Herriko Curriculuma landu, ikastetxeko hezkuntza egitasmoaren oinarri gisa. B) Euskalduntasuna: b.1.- Euskara eta euskal kultura .- Euskal Herri osoan euskararen ofizialtasunaren aldeko lana egin eta berreuskalduntze prozesua bultzatuko duen eskola, normalizazioa bermatuko duten neurriak zehaztu. .- Derrigorrezko hezkuntza bukatzean ikaslearen euskara gaitasuna bermatua izan dadin lortu. .- Euskarazko eskaintza erabatekoa ziurtatu, ikasmaila eta jakintzagai guztietan, 0-3 etapatik hasita unibertsitatea bukatzeraino, epeak eta plan bereziak finkatuz. .- Euskal kulturaren partaide eragilea den eskola b.2.- Euskaraz hezi eta bizi .- Eskola-komunitatearen bizitza euskaldundu, barne zein kanpoko harremanetan euskararen erabilera ohikoa izan dadin behar diren oinarriak ezarriz. .- Ikastetxeko langileria osoa euskalduna izan dadin plangintza eta bitarteko egokiak lortu, besteak beste, Udaletxeekin eta dagozkien enpresekin hitzarmenak sinatuz (atezainak, garbitzaileak, jangeletako langileria, garraioko langileria... ) eta momento honetan lanean ari direnen langile ez euskaldunentzat, dagokion administrazioarekin harremanetan, euskalduntze-planak antolatuz. .- Irakasle euskaldun garatuak bermatzeko neurriak jarri. .- Euskarazko hezkuntza gauzatzen duten Ikastetxeak eta Elkarteak indartu, eta haien arteko elkarlana sustatu. b.3.- Eleaniztasuna Eleaniztasuna bermatzen duen eskola, hizkuntza bakoitzean lortu nahi den maila definituz eta plangintza orokor eta sendoak eginez.
2. AUTONOMOA: Autonomian oinarritutako eskola, hots, hezkuntza proiektuaren zehaztapenean, berau burutu eta ebaluatzean, barne antolaketa egokiena bilatuko duena, eta bitarteko zein baliabideen kudeaketan
43
proiektuaren helburuak lortzeko erabakiak hartzeko ahalmena izango duena, autonomiak dituen eta izan behar dituen mugak zehaztuz. AUTONOMOA ETA DEMOKRATIKOKI KUDEATUA: Ikastetxea da Hezkuntza Sistemaren ardatza eta Hezkuntza Egitasmoa ikastetxearen oinarri. Hezkuntza Egitasmoa garatu ahal izateko ikastetxearen autonomia ezinbestekoa da. Hauek dira, gure ustetan, autonomia ziurtatzeko oinarriak:
Titularitatea: Autonomiaren ondorioz titularrari eta ikastetxeari dagozkien eskuduntzak zehaztu eta arautu, erabakietan parte hartzeko eskubidearen errekonozimendua ziurtatuz. A) Titularitatea eta autonomia: a. Administrazio publikoa eta Gizarte Eragileak derrigorrezko agenteak izango dira, eurei dagozkien eskumenak edukiz eta erabakietan parte hartzeko ahalmena ziurtatuz. b. Hezkuntzan zuzenki inplikatutako sektore guztiak Hezkuntza Politikaren partaide izatea. c. Eskola-komunitateko partaideek eurei dagozkien eskumenak edukitzea, dagozkien erabakietan parte hartzeko ahalmena ziurtatuz. B) Partaidetza: a. Euskal Eskola Publikoan kudeaketa demokratikoa eta partehartzailea izatea, parekidetasun printzipioan oinarrituz. b. Eskola-komunitateko estamentu guztiek bere ordezkariak edukitzea, komunikazio eta elkarrizketa ahalbidetzeko. c. Eskolako partaide guztiek (guraso, irakasle, ikasle eta ez-dozente ) ikastetxeak daraman heziketa-egitasmoan eragin eta erabakietan parte hartzeko aukera izatea, horretarako informazioaren ibilbidea erraztuz eta erabakietan adostasuna bilatuz. d. Hezkuntza eragileei irekia egongo dena. C) Planifikazioa: a. Ikastetxe bakoitzak bere Hezkuntza-Egitasmoa garatu ahal izateko baliabideak izatea, ikastetxearen egoeratik abiatuta eta hezkuntza-egitasmoari egokituta zentroaren Hezkuntza Proiektua gauzatzeko; pedagogi motak aztertzeko; Hezkuntza Proiektuaren arabera, lanpòstu guztien perfila eta perfil hori beteko duen pertsona ziurtatzeko; Eskolaren antolakuntzan; Ekonomiaren kontrolean eta erabileran; Erakundeekiko koordinazioan eta Eskolaren norabidea aztertzen. (garapenean argitu beharrekoa): Baliabideak ez dira mugagabeak. Lehentasunak finkatzea ezinbestekoa da. Nori dagokio lehentasun horiek erabakitzea? b. Ikastetxe bakoitzak bere Hezkuntza Egitasmo eta curriculuma betetzeko beharrezko dituen neurriak eta baliabideak jarri ahal izatea (bai euskalduntzeari dagokionez eta baita curriculumak markatzen duen edozein helbururi dagokionez ere). D) Langileria: a. Ikastetxearen Hezkuntza-Egitasmoan murgilduta egongo den langileria izatea b. Langileriaren aukeraketan parte hartu ahal izatea (ikastetxearen beharrak, perfila,...zehaztuz). c. Plantilen egonkortasuna zehaztu eta ziurtatzea, ez borondateen baitan bakarrik, hezkuntza egitasmoari erantzuteko beharrezko diren egonaldi minimoak ere legez arautuz baizik; beti ere langileriaren eskubide laboralak bermatuz d. Ordezkapenen sistema berritzea ( adjudikazio datak, zonaldekako poltsak, ordezko “finkoak” ikastetxeetan,...) langileriaren eskubideak urratuko ez dituzten neurriak bilatuz. E) Kudeaketa Ekonomikoa:
44
Hezkuntza-Egitasmoaren garapenari dagozkion baliabide ekonomikoak (langileriari dagozkionak kenduta) ikastetxeak berak kudeatzea, beti ere Administrazio zein Hezkuntza- Komunitateko kideen kontrolpean.
3. LAIKOA, HEZKIDETZAN OINARRITUA, ANITZA, AUKERA BERDINTASUNEAN ETA BALIO AURRERAKOIETAN HEZTEN DUENA, INTEGRATZAILEA ETA PEDAGOGIA ZEIN KUDEAKETA ETA ANTOLAKETA MAILAN ETENGABE HOBETZEN DOANA. LAIKOTASUNA, HEZKIDETZA, ANIZTASUNA eta pedagogia zein kudeaketa mailako kalitatea oinarri dituen eskola. Elkartasuna lantzen duena. A) Laikoa: Ideologia eta pentsaera ezberdineko hiritarrak elkarrekin lanean jarduteko aukera ematea, elkarrenganako errespetuan, besteei entzunez; pertsona guztien bizimodu, sinesmen, iritzi eta ideiak baloratu eta aitortuz; elkarlanerako ohiturak eta jokabideak landuz; elkarbizitzen eta solidarioak izaten lagunduz, nork bere sentimenduak adierazteko giro egokia bultzatuz; eta natura eta kultur ondarearekiko errespetua eta estima bultzatu eta zaintzen erakutsiz. B) Hezkidetzailea: Hezkidetzan oinarritutako hezkuntza bultzatzea, neska-mutilen arteko ezberdintasunak onartuz eta estereotipoak gaindituz. C) Anitza: Neska-mutil bakoitza nor izan dadin, bere kabuz jokatzen ikas dezan, pertsona aske, kritiko eta autonomoa izatea bultzatzea, inolako diskriminaziorik gabeko (sexu, arraza, itxura fisikoa, maila soziala, ezaugarri psikikoak,...) harreman markoa sortuz. D) Pedagogia mailan: a. Hezkuntza eta pedagogi arloan arreta berezia eskaintzea. b. Ikasketa-prozesu eta erritmo ezberdinak bideratu ahal izateko behar diren baliabideak eskaintzea. c. Etengabeko formazio-prozesuan oinarritzea. d. Euskara zein Euskal Herriko Curriculumari egokitutako ikasmaterialak sortzea. e. Erronka berriei eta egoera desberdinei aurre egiteko malgutasunez jokatzeko gai izatea. f. Praktika eta Hezkuntza Proiektuak bat egiten dituen eskola. E) Integratzailea eta Konpentsatzailea: a. Diskriminazio mota guztiak baztertzea. b. Euskal kulturan integratua egotea, gure gizartearen errealitatean txertatua, eta hurbileneko ingurunean eragitea, bertatik jasoz eta emanez, harreman estuan. c. Eskola-komunitatearen barnean nahiz komunitate horretatik kanpo Elkartasuna bultzatzea. d. Norberaren orijinaltasun eta indibidualtasuna sustatu, auto-ezagutza bultzatuz, bakoitza nor izanez, bere buruarekin zuhur jokatuz, aukerak eginez eta erabakiak hartuz bizitzeko gai izan dadin. e. Hezkuntza behar berezien aurrean jokaera baikor eta osagarriak bultzatuz bere ahalmen guztiak garatzeko bideak eskainiko dituena. f. Gure kultura eta tradizioaren balore, sinesmen eta jokaerak ezagutu, kritikoki baloratu, gero pertsona bezala norberaren garapena ondoen ziurtatuko dutenak aukeratu ahal izateko. F) Pedagogiari arreta berezia eskainiko diona: a. Ikasle bakoitzaren garapenari egokitzen zaiona, pertsona bezala bere osotasunean tratatuz.
45
b. Ikasi eta irakasteko motibazioa bultzatzen duena. c. Etengabeko formazioa bilatzen duena irakaslearen perfil berria garatuz (diseinatzailea, orientatzailea, ebaluatzailea, motibatzailea). d. Irakasle eta ikaslearen arteko errespetu eta konfiantza harremana bultzatzen duena. e. Teknologia berrien erabilera egokian hezten duena. Ikasten ikasteko tresnak erabiliko dituena. f. Komunitateko kide guztien parte hartzea bilatuko duen, Hezkuntza Egitasmoa partekatuko duena eta ikasi eta irakasteko motibazioa bilatuko duena. g. Edukiak, prozedurak, balore berritzaileak irakatsiko dituena. G) Elkartasuna lantzen duena: Eskola-komunitatearen barnean nahiz komunitate horretatik kanpo elkartasuna bultzatzen duena.
4. Langileriari begira Euskal Herrirako LAN MARKO BERRI ETA PROPIO baten alde dagoen eskola Aurretik aipatutako hainbat helburu lortzeko, gehien bat langileriari dagozkionak, ezinbestekoa dugu lan marko berri bat, behar hauetan oinarrituta:
A) Irakaskuntzan lan harremanetarako euskal esparrua sortzea
B) Euskal Herriko Hezkuntza Sailek lan hitzarmen propioak bermatzeko ahalmena izatea Bere osotasunean, garapenean landu beharreko puntua, egungo errealitatetik abiatuta, bide egokienak zehaztuz.
5. 0 URTETIK HASITA OSOKI FINANTZATUTAKO ESKOLA. Eskola komunitateak jasan ditzakeen desorekak elkartasunean oinarrituz konpentsatuko dituena; era berean, pedagogi berrikuntzan ematen diren urratrsak kontuan hartuko dituena. 0 URTETIK AURRERA OSOKI FINANTZATUA. A) Ikasleei begira: Orokorrean, guztientzat derrigorrezkoa dena ( ikasleek beharrezkoa duten material guztia barne ). B) Pedagogia berrikuntzan: Pedagogi berrikuntzan ematen diren urratsez gain, eskola-komunitateak bere kokapen geografiko edota sozialarengatik jasan ditzakeen desoreka linguistiko, sozial, psikofisikoak,... konpentsatuko dituena. C) Hezkuntza Egitasmoaren arabera: Hezkuntza Egitasmoaren arabera, pedagogia beharrei osoki erantzungo diena (errekurtso ekonomiko, pertsonalak eta funtzionalak).
6. Dagozkien erabakiguneetan ESKOLA KOMUNITATE OSOAREN PARTAIDETZA bermatzen duen eskola, parekidetasun irizpidean oinarrituta.
7. EUSKAL HERRIKO HEZKUNTZA SISTEMAREN OINARRIA DEN ESKOLA PUBLIKOAREN ALDE diharduten Ikastetxe zein Eragileen arteko elkarlana sustatzen duen eskola.
8. EUSKAL ESKOLAREN ALDE diharduten ikastetxe zein Eragileen arteko elkarlana sustatzen duen eskola.
46
EUSKAL HERRIKO
OINARRIZKO HEZKUNTZA AKORDIOA
SARRERA
Nazio Eztabaida Gunea euskal herritarren arteko eztabaida nazional eta demokratikoa egiteko sortu zen 2003an. Euskal Herriko egoeraren diagnosia egin zuen, eta horren barruan, baita hezkuntzaren diagnosia ere.
Diagnosi hori abiapuntu gisa hartuta, gure herriaren biziraupena eta garapena bultzatzeko Nazio Plana adostu zen. Bertan, lehentasunezko hainbat egitasmo zehaztu ziren eta hezkuntzarekin harreman zuzena duten honako lau hauek jaso ziren: Euskal Curriculuma osatzea eta aplikatzea, Euskal Unibertsitatearen sorrera sustatzea, eskolak euskalduntzeko ildoa babestea, eta azkenik, EUSKAL HEZKUNTZA SISTEMA NAZIONALAren inguruko eztabaida gauzatzea.
Nazio Garapenerako Biltzarrak eztabaida hau antolatzeko lekukoa hartu zuen eta gu, hezkuntzako hainbat esparrutako kideak, horren harira jarri ginen lanean. Bide horretan, Hezkuntza Batzordea osatu eta Euskal Herriko oinarrizko Hezkuntza AKORDIOA deitu duguna adostu dugu.
AKORDIOAk eztabaidarako abiapuntu izan nahi du. Molde zaharrak apurtu, aurrera begira jarri, eta Euskal Herriaren hezkuntza bere herritarren beharretara egokitzea du xede. Egungo zatiketa sozialaren arriskuak gainditu (bi sare, heziketa eta aukera desberdinakE), hezkuntzaren dualizazioari neurriak hartu eta biztanleen herri identitatea eta kohesioa lortu nahi ditu.
Hezkuntzak berebiziko garrantzia du norbanakoaren eta herri baten garapenean, eta baita jendartea kohesionatzeko ere (pentsaera guztiak errespetatuz, adoktrinamendurik gabeE). Horregatik guztiagatik, hezkuntzak lehentasun soziala izan behar du eta beharrezkoak dituen baliabideak eta inbertsioak jaso behar ditu.
Gure herriak behar duen hezkuntzari buruzko eztabaida soziala bultzatu nahi dugu. Horretarako, oinarrizko hezkuntza AKORDIOA hartzen dugu abiapuntutzat, halaber egon daitezkeen proposamen berriak gehitu eta, ezer inposatu gabe, errespetuan oinarrituta ahalik eta eztabaida zabalena sortu nahi dugu.
Gutariko bakoitza besteen oraina eta geroa da. Denok gaude inplikaturik, denok gara beharrezkoak, etorkizuna ari baikara prestatzen.
47
TESTUINGURUA
Aldaketa handiak gertatzen ari dira azken hamarkadetan munduan eta Euskal Herrian. Aro berrian sartzen ari gara, industria arotik ezagutza arora (informazioa, digitalizazioaE) igarotzen ari gara. XXI. mendearen hasieran 3-(15 edo16) urte bitarteko neska-mutil guztiak eskolaturik daude, globalizazioaren ondorioz erronka berriak agertu zaizkigu (migrazioa, teknologia berriak eta informazio saturazioa, adibidez), familien tipologia eta ikastetxeekiko harremanak aldatzen ari dira, baita hezitzaileen zereginak eta formazio-beharrak ere.
Halaber, asko izan dira eta dira hezkuntza sistemaranzko bidean herri ekimenez egindako ahaleginak. Esaterako:
▪ Ikastolen sorrera, garapena eta hedatzea.
▪ Hezkuntza publikoen barruan euskal irakaskuntzaren lanketan eta zentroen autonomiaren alde egindako ahaleginak.
▪ Kristau eskoletan edo giristinoetan euskalduntze bidean egindako saiakerak.
▪ Ekonomia Sozialeko ikastetxeek egindako ekarpenak.
▪ Unibertsitate eremuan, unibertsitate euskaldun eta propioa sortzeko saiakera eta urratsak.
▪ Aisialdi eremuan gertatutako zabalkundea.
▪ Hezkuntza ez arautuan, hainbat eragileren bidez gorpuztutako ekimenak.
▪ E
Hezkuntza egitura administratiboak, aldiz, ez dira ari garai berrietara egokitzen. Euskal Herriak ez du hezkuntza sistema propiorik, Herri bezala ez baitu berau arautzeko, antolatzeko eta kudeatzeko eskumenik. Ondorioz, bermatzeke daude: ikasle guztien euskalduntzea, Euskal Curriculuma, euskal unibertsitateaE
Azken hamarkadetan sistema berri hori eraikitzeko bidean emandako urrats guztiak aintzat hartuz, hezkuntza sistema propioa garatu nahi dugu. Gure ustez, gure herriarentzako zer-nolako hezkuntza sistema nahi dugun eztabaidatzeko eta adosteko unean gaude; baita, hezkuntza sistema horretan publiko izaera definitzeko ere; bide horretan eman ditzakegun urratsak, egin ditzakegun ahaleginak bateratzeko garaian, alegia.
Hezkuntza ikuskera propio horren gauzatzean, Euskal Hezkuntza Sistemak oinarrizko eskubide hauek bere egin beharko lituzke.
48
EKARPENEN DOKUMENTUA. Euskal herritarren HEZKUNTZA ESKUBIDEAK
1. Euskal Herrian bizi den herritar orok, hots, euskal herritar guztiek, nazioarteko oinarrizko eskubideen hitzarmenetan jasotako eskubideetan oinarrituta, Euskal Herrian bertan edozein ikasmailatan edota ikasarlotan ikasteko eskubidea dute, eta ez da inor baztertuko arrazoi politiko, ekonomiko, sozial, jatorriarekin edo sexuarekin lotutako, ideologiko edo akademikoren bat tarteko edota urritasun fisiko edo psikikoren bat izateagatik.
2. Euskal herritar orok eskolaren bidez euskalduntzeko eskubidea du. Euskal Herri osoan, edozein hezkuntza eskaintzatan euskaraz ikasteko eskubidea du. Eta hezkuntza prozesu osoan, ikasgune guztietan, euskaraz bizitzeko eskubidea du.
3. Euskal herritar orok Euskal Herriko curriculum propioaren arabera hezteko eskubidea du, eta bertako nahiz munduko jendarte zein kultur adierazpideak kontuan hartuko dira.
4. Euskal herritar orok hezkidetzan oinarrituriko hezkuntza jasotzeko eskubidea du; hots, parekidetasuna lortzeko didaktikan oinarrituriko hezkuntza jasotzeko eskubidea.
5. Euskal herritar orok hezkuntza oinarri demokratikoen arabera antolatzeko eta kudeatzeko eskubidea du: eskubide demokratiko guztiak (adieraztekoa, biltzekoa...) bermatuz, eskola komunitatearen pluraltasuna kontuan hartuz, antolaketa zein kudeaketa demokratiko eta parte-hartzailea gauzatuz, eta eskola komunitatea osatzen duten pertsonen eta herritarren hezkuntzaren gaineko erabakiak hartzeko eskubidea bermatuz.
6. Euskal herritar orok eskubidea du euskara eta jakintza ardatz izango dituen Euskal Unibertsitate Sistema, Euskal Herriaren beharrak aseko eta bideratuko dituena, izateko.
7. Euskal herritar orok eskubidea du hezkuntzaren bidez bere ahalmen guztiak garatzeko, pertsona kritiko eta aske izateko bidean.
8. Euskal Herriko ikasguneetan sartzen diren etorkin berriei eskubide osoz euren ama hizkuntza eta kultura errespetatuko zaizkie.
9. Hezigune bakoitzeko hezkuntza komunitateak bere Hezkuntza Proiektua izateko eta kalitatez garatzeko eskubidea du.
10. Hau guztia posible izan dadin, euskal herritarrek hezkuntzari buruzko erabakiak hartzeko eskubidea dute. Hau da, Europako hezkuntza esparruan, Euskal Herriak hezkuntza sistema propioa izateko eta arautzeko eskubidea du.
49
Euskal herritar orok dituen eskubideak hauek izanik, hezkuntza sistemak guztientzat izango direla bermatu behar du. Bide horretan, «hezkuntza zerbitzu publikoak» horiek ahalbidetzen direla zaindu behar du.
«Euskal Herriko Hezkuntza Publikoa»ren kontzeptua.
Denona denari esaten zaio «PUBLIKOA»: guztiontzat irekia denari, denon ongiari begiratzen dionari eta guztiontzat aukera berdintasuna garatzen duenari. «HEZKUNTZA PUBLIKOA», beraz, herrien eta herritar guztien garapenerako beharrak asetzen dituen hezkuntza izango da, aukera berdintasunean eskubide guztiak ziurtatuko dituen kalitatezko zerbitzua.
Gure kasuan, arestian aipatutako euskal herritarron eskubideak gauzatzen dituena izango da «EUSKAL HEZKUNTZA PUBLIKOA».
Euskal hezkuntza publikoa «publiko-herritar» ikuspegian kokatzen dugu; hots, komunitateari lotua, hezkuntzan ere demokrazia parte-hartzailea gauzatu nahi baitugu.
Euskal hezkuntza publikoa erantzukizun kolektiboa denez, horren diseinua, antolaketa, planifikazioa, kudeaketa eta garapena botere publikoei eta hezkuntza komunitateari dagozkie. Izan ere, erabakiguneetan euskal herritarron partaidetza ahalbidetzea ezinbestekotzat jotzen baitugu.
Dena den, ukaezina da botere publikoek jokatu beharreko betekizuna guztion hezkuntza eskubideak bermatze aldera.
Horren arabera, «EUSKAL HEZKUNTZA ZERBITZU PUBLIKOA» gauzatzeko botere publikoei eta herritarrei (hezkuntza komunitateari) dagozkieneskumenak zehaztu eta banatu egin beharko lirateke. Finantziazioak eta kontrolak, berriz, publikoak izan beharko lukete. Beraz, hezkuntza publikoaren gestioak eraginkorra, gardena eta jarraipen soziala duena izan beharko luke.
Heziguneen titularitateak eta kudeaketak, berriz, heziguneen eta botere publikoen arteko hitzarmenean oinarritu beharko lukete.
Euskal Herriko Hezkuntza Zerbitzu Publikorantz urratsak. Hezigune bakoitzean gara genitzakeen neurriak.
Hezigune bakoitzak bere berezitasunak izango baditu ere, hezkuntza eskubideak aintzat hartuko dituzten heziguneen artean «EUSKAL HERRIKO HEZKUNTZA PUBLIKOAREN ELKARGUNEA» osatuko da.
Eskubideak berma daitezen, hezteko prozesua hobetzea eta egokitzea izango da hezigune bakoitzaren egitekoa. Elkargunearen egitekoa, berriz, kalitatezko hezkuntza zerbitzu publikoa indartzea eta biztanleen herri identitatea eta kohesioa lortzea. Bide horretan:
1) Euskal Herriko Hezkuntza Eskubideen baitan hezigune bakoitzak bere hezkuntza proiektu propioa izan behar du, behar errealetik abiatuko dena, komunitateko partaide guztiena izango dena eta gestio eta gainbegiratze demokratikoak izango dituena. Horretarako, hezkuntza sistemak eredu dezentralizatua izan behar du. Eta
50
ezinbestekoa da zentroen autonomia (antolaketa, pedagogia, ekonomia, langileria, ebaluazioaE).
2) Heziguneak, beste eragile batzuekin elkarlanean, ikasle guztiak euskaldundu behar ditu, eta euskaraz bizi ahal izateko prestatu.
3) Jendartean eta jendartearen bidez heltzen da norbanakoa gizaki izatera. Heziketak neska-mutilen kontzientzia librea eta kritikoa garatzen lagunduko du, jendartea hobetzeko.
4) Errespetuzko pedagogia pertsonalizatua eta esanguratsua lagungarriak dira heziketa prozesuan. Pedagogia ikertzailea eta zientifikoa da bultzatuko dena, eskubide berdintasunaren balioa sustatzen duena, hezigaien behar afektiboa eta emozionala kontuan hartzen dituena, helburu ikuspegi kritikoa duten herritar autonomoak lortzea duenaE
Heziguneak inguruarekin harreman zuzena izan behar du. Ingurua integratzeaz gain, inguruan eragin behar du, eraldaketa edo bilakaera gauzatu nahi baditu. Ideia horri eutsiz, Euskal Curriculuma garatzea egite pedagogiko koherentea da, eta baliagarria herritarren kohesioa lortzeko.
Horretan guztian, langileak eta batez ere hezitzaileak dira eragile garrantzitsuak. Horien hasierako prestakuntza, ondorengo eguneratzea eta lanerako jarrera irekia eta kooperazioaren aldekoa ezinbestekoak dira.
5) Heziguneak menpeko erlazioak baztertu, eta eskubide berdintasuna izango du helburu. Sexuen arteko parekidetasuna lortzeko metodologia didaktiko egokia aplikatuko da.
6) Hezkuntza behar bereziak (fisikoa, psikikoa, egokitzekoa, hizkuntzazkoaE) dituzten hezigaiei era egokian erantzun behar die. Hau da, aukera berdintasuna garatzen duen jendartea lortzen lagundu behar du hezkuntzak, behar handiena duenari laguntza handiena eskainiz, ahalik eta jendarte kohesionatuena eta inklusiboena lortzeko bidean.
7) Etorkinak hezigune edo gela berezi batzuetan elkartzea baino egokiago da ezaugarri anitzak dituztenak ikasgela beretan elkarrekin aritzea, hala nola: jatorri desberdinekoak, maila sozial eta kultural anitzekoak, hainbat gaitasun eta muga dituztenakE
8) Hezigunearen bizitza dinamikoa, parte-hartzailea eta demokratikoa izango da. Komunitateak (langileak, gurasoak, hezigaiakE) erabakietan parte hartzeak bermatzen du hori.
9) Heziguneen eta unibertsitateen arteko elkarlana sustatu egin behar da, ikerketek eguneroko hezkuntza prozesuekin zerikusia izan dezaten eta aplikazio praktikoa eduki dezaten.
10) Hezkuntza prozesu orokorrak eta hezigune bakoitzaren ibilbidea ebaluatu beharrekoak dira. Ikasi eta hezteko prozesuen jarraipena egin behar da hobekuntzak egin ahal izateko.
51
11) Hezkuntzak hezigune esparrua gainditu, eta familiarekin, aisialdiarekin, komunikabideekin, teknologia berriekin, bidaiekin, jokoekin eta jendarte-ekintza ororekin harremana eta elkarreragina du.
Horren harira, egungo behar sozialei (familia eredu askotarikoak, emakumeen kanpo-lanerako sarbide handiak, eskolaz kanpoko eta aisialdiko eskaintza ugariak, teknologia berrien eragina, lan, eskola eta familia ordutegi ezin josiakE) era egokian erantzungo dien hezkuntza eredua lortu beharra dago, eta eskolaren betekizuna aztertu beharra.
52
EUSKAL CURRICULUMAREN SORTZE
PROZESUA
Urte batzuk joan dira, ia 16 urte, Euskal herritik sortu eta Euskal Herrirako baliagarria
izango zen Euskal Curriculumaren eraikuntza prozesua abian jarri zela. Euskal Herriak bizi
zuen orduko egoerak ahalbidetu zuen Euskal Curriculuma egiteko aukera aztertu eta berau
gauzatzeko bidea ireki ahal izatea.
Sortzenek bere sorreratik izan du bere lan-ildoetan Euskal Curriculum propioaren aldarria
eta geroago Sortzen-Ikasbatuazek ere bere lehentasunen artean kokatu zuen.
Herri eraikuntzaren bidean urrats esanguratsuak eman ziren garai horietan, eta ECaren
sortze prozesuari ere bidea ireki zitzaion:
2001. urtean hasi zen Euskal Curriculuma sortzeko ibilbidea, eta horren emaitza izan zen
2003. Urteko urtarrilean, Udalbiltzak, Ikastolen konfederazioak eta Sortzen-Ikasbatuaz
elkarteak, egindako akordio historikoa. Euskal Herria bere osotasunean aintzat hartuko
duen Derrigorrezko Hezkuntzarako Euskal Curriculuma sortzeko prozesua martxan jartzea
hitzartu zuten hiru eragileok. Bi konpromiso nagusi hartuz:
o Euskal Herritarrok dugun munduaren ikuskera propiotik abiatuta, Euskal Herritik sortu
eta Euskal Herri osorako baliagarri izango den Curriculum proposamena osatzea.
o Curriculumak jendarte eraikuntza ardatz izan behar duela aintzat hartuta, Euskal
Curriculuma osatzeko prozesuan, ahalik eta partaidetzarik zabalena bilatzea, bai
hezkuntza aditu zein hezkuntza edo herri eragile zein herritar mailan.
Eragile bakoitzak hartutako konpromisoei helduta abiatu zen prozesua, ia lau urtetako bidea
izan zen, Euskal Herri osoko hezkuntza sare, eta maila guztietan lanean ari ziren, aditu,
eragile eta erakunde ugari bildu genituen, horiekin batera herritar anitz ere bai.
Ziurrenik, Europa mailan curriculum proiektu bat osatzeko partaidetzarik zabalena eman
zen Euskal Curriculumaren osaketan. Lau urteko ibilbidean, 80 aditutik gora, 23 hezkuntza
eragile, 320 herri eragile, 250 ikastetxetik gora, ehunka herritarrek parte hartu zuten euskal
curriculumaren sortze prozesuan.
Sortzen-Ikasbatuaz elkarteak prozesuan hartutako konpromisoak bete egin zituen, Ikastetxe
publikoetan prozesu hau kudeatuz eta bere ekarpena eginez Derrigorrezko Eskolaldirako
Euskal Curriculuma oinarrizko txostenari.
Prozesu parte hartzaile horren bidez, Derrigorrezko bigarren hezkuntzarako euskal
Curriculuma osatu genuen, baina, Euskal Herritik Euskal Herrirako behar dugun
53
Curriculumaren atal bat baino ez zen izan. Gainontzeko etapei dagokionez ez daukagu
Euskal Curriculumik: Hezkuntza ez formala, haur eta lehen hezkuntza, ertainak, goi mailako
hezkuntza, araubide bereziko hezkuntzaE
Beraz, aurrerantzean sortzenek gai honi heltzeko apustua egingo balu badu zeri heldu,
definizioetatik harago ere urratsak emanez, bai garapenari zein aplikazioari dagokinean.