hitzaldia-euskaraz
DESCRIPTION
Hitzaldia-euskarazTRANSCRIPT
DEIADAR 2015 : Urriaren 24eko manifestaldiaren hitzaldia
Arratsalde on denei,
Milaka lagun bildu gira Baionako karriketan « Estatus bat lurraldearentzat, Estatus bat hizkuntzarentzat »
lema pean. Lema berdinarekin beste milaka lagun elkartu dira Montpellier herrian, Korsikan - Ajaccion edo
Bretainian – Carhaix herrian !
Iparraldean, leloa egokitu dugu euskararen koofizialtasuna aldarrikatzeko eta Euskal Herri Elkargoaren alde.
21. mendean oraindik beharrezkoa izaitea karrikaratzea gure oinarrizko eskubide baten aldarrikatzeko,
deitoragarria da. Nahi dugu euskaraz ikasi, euskaraz erakatsi eta euskaraz bizi.
Hizkuntzen aldeko euro-itunaren berrestearen inguruan entzun diren emaitzarik gabeko ele politak, edo
aurkeztu eta sekulan bozkatu ez diren lege proposamenei ASKI dela diogu ! Mespretxuari ASKI !
Gure hizkuntzentzat estatus bat, euskararentzat lege babes bat, gure eskubidea da. Eta hizkuntz politika
eraginkorra eremaiteko beharrezkoa, gure hizkuntzarentzat hil ala biziko kontua. .
Baina gaur egun, argi daukagu lege bat ez dela aski izanen euskara salbatzeko. Ezagutua eta instituzionalki
antolatua den lurralde baten behar gorrian gaude, hizkuntza politika ausart baten bideratzeko eta egunez
egun lan egiten duten eragileen laguntzeko, euskararen erakaskuntza eta praktika bultzatzeko.
Hizkuntzaren egoerak frogatzen duen bezala, orokorki Iparraldeak beharrezkoa du egitura instituzionala,
politika koherenteen eremaiteko lurralde osoan zehar.
Bizitzen dugun momentua hitz bakar batekin kalifikatzeko, historikoa da ! Azken 225 urteak kontutan
harturik, hirugarren aldia da bakarrik aukera erreal bat dagoela ezagupen instituzional baten lortzeko, tokiko
kudeaketa tresna bat plantan jarriz. Frantses iraultzaren biharamunean, Garat anaien iniziatibaren ondotik,
1981an Mitterrand-ek hitz emaite eta hitza jatearen ondotik, horra orain hirugarren aldikoz aukera historikoa.
Parisek manatzen duen lurralde erreformaren egutegiak aspaldiko partez, bat egiten du hemen azken
urteetan eremaiten ditugun gogoetekin. Ez dugu trena utzi behar pasatzen, ezin dugu hitzordua huts egin !
Batzuek dudak agerrarazten duten bitartean, bertze Herriko Kontseilu batzuk hasi dira iritzia emaiten Euskal
Herri Elkargoaren sorrerari buruz. Txalo beroak orain arte iritzi baikorra eman duten herriko etxeei : Hiriburu,
Makea, Sohüta, Aiherra, Maule, Atharratze….. Dei zabal bat luzatzen dugu herriko hautetsi guziei, horiek
dutelako heien eskutan gure lurraldearen geroa ondoko hamarkadentzat, heldu den udaberrian iraganen den
bozkaren bidez herriko etxe bakoitzean. Izan dezagun ausardia, izan dezagun kemena !
Nahiz eta hautetsiek duten azken hitza, herritar bakoitzari doakio inplikatzea eta aktiboki parte hartzea
hasten den kanpainan. Ondoko aste eta hilabeteetan, herri honen biztanleengana joanen gira. BATERA
Karabanak bidea hartuko du eta herriz herri ibiliko da aurkezteko Euskal Herri Elkargoaren egitasmoa. Ipar
Euskal Herriko bideetan, pedagogia lana eginen dugu. Aintzinetik milesker zuen herrian, BATERA Karabanari
eginen diozuen ongi etorriagatik. Bakoitzari doakio konbentzitzea familia, lagunak, auzoak, lankideak…
elkarteetan, sindikatuetan eta bertze egitura guztietan…
Galdegiten dugu gure herriko hautetsi guziei,
BAI bozkatzea Euskal Herriko ezagupen instituzionalaren alde,
BAI bozkatzea eskualde erraldoian toki bat eskainiko digun herri elkargoaren alde,
BAI bozkatzea tokiko proiektuak sustengatzen ahalko dituen lehen instituzioaren alde,
BAI bozkatzea lurralde bateratu baten alde, bere anbizioen araberako baliabideak ukanen dituenak, politika
publikoen garatzeko biztanleen alde
Euskararen koofizialtasunari BAI ! Euskal Herri Elkargoari BAI !